Imanol Pradales lehendakaria Petronorrek Muskizen (Bizkaia) duen findegian izan da gaur goizean. Bertan, Petronor 100 MWeko elektrolizagailua eraikitzen hasi da, zeinak 292 milioi euroko hasierako inbertsioa izango duen, behin ingurumen nahiz administrazio arloetako baimen guztiak lortu ostean. Pradales elektrolizagailua eraikitzen hasi diren orubean izan da, findegiaren hego-ekialdean, Abanto Zierbenan.
Elektrolizagailuaren urteko gehienezko hidrogeno-ekoizpena 16.500 tonakoa izango da, eta horri esker, 167.500 tona CO2ren isurketa saihestu ahal izango duela iragarri du Petronorrek, gas naturalarekin ekoiztutako hidrogenoa elektrizitate-iturri berriztagarriekin ekoiztutako hidrogenoarekin ordezkatuko baita.
2,5 MWeko eta 10 MWeko (Bilboko portuan) bi elektrolizagailu ditu Petronorrek, eta hirugarrena izango da hau, ahalmen handiago behar baitu deskarbonizazio prozesuari aurre egiteko. 2029ko lehen seihilekoan martxan izatea aurreikusten dute.
Ekoitzitako hidrogenoa Hidrogenoaren Euskal Korridoreko industria-eragile guztien eskura jarriko da, eta hidrogenoduktuen azpiegiturarekin konektatuta egongo da. Elektrizitatearen horniketa Red Eléctricak Abanton duen garraio-sareko azpiestaziotik egingo da.