Petronorrek 2025eko emaitzen berri eman du gaur. “Urte konplexua” izan da konpainiarentzat, batik bat, apirilean jazotako itzalaldiagatik eta azken hilabeteetan langileek egin dute grebagatik. Gauzak horrela, 27,8 milioi euroko irabaziak izan ditu enpresak, 2024an baino %61,5 gutxiago (72,2 milioi euroko mozkina izan zuen orduan). Petrolioaren prezioaren gorakadak ere kalte egin dio konpainiaren jardunari.
2025ean zehar Petronorrek 217,8 milioi euro inbertitu ditu mantentze-lanetan, ingurumen eta segurtasunean, azpiegitura eta eraberritzeetan, digitalizazioan, deskarbonizazioan, hidrogenoan eta erregai sintetikoetan. Zenbateko hori aurreko urtekoan baino %48 handiagoa izan da.
Enpresak ziurtatu du iaz industria proiektu berrien "aurrerapena esanguratsua" izan zuela, 10 eta 100 MWko elektrolizagailuetarako, erregai sintetikoen demo instalaziorako eta agregakinen lantegirako hainbat akordio itxi baitzituen. Hiru proiektuok eraikitze fasean dira, eta aurreikusitako epean prest izango direla baieztatu du konpainiak.
Horrekin batera, Petronorrek 8,2 milioi tona (Mt) ekoitzi zituen bere findegian, 2024an, berriz, 9,5 milioi tona izan ziren. Horietatik %64 gasolioari eta gasolinari zegozkien. Halaber, keroxenoaren eta hegazkinetarako erregaiaren ekoizpena %15 handitu du 2024arekin alderatuta.
Konpainiak 743 milioi euroko ekarpena egingo dio Bizkaiko Foru Ogasunari, hau da, lurraldeko bilketa osoaren %6,9, 2024an baino 53 milioi gutxiago. Era berean, 2025ean, Bilboko Portuko trafikoaren %37 Petronorri dagokio, 337 ontzi, eta salmenten %25,5 esportatzen du.