• ENPRESAK GAUR
  • Pilar Ramírez (REC): “Kontabilitate adituen akreditazio ofizialik ez izateak intrusismoa dakar"

Pilar Ramírez (REC): “Kontabilitate adituen akreditazio ofizialik ez izateak intrusismoa dakar"

Kontabilitate adituen figura aintzat hartzeko aldarrikapena egin du EAEko Kontabilitate Adituen Erregistroko presidenteordeak

Pilar Ramírez | Argazkia: utzitakoa
Pilar Ramírez | Argazkia: utzitakoa
2025eko urriaren 16a - 05:30

EAEko Kontabilitate Adituen Erregistroak (REC) antolatutako X. Kontabilitate Foroa egin da Bilbon duela aste batzuk. Horren baitan, enpresen transakzioetan kontabilitate-aditu independenteek egiten duten lanari loturiko gida aurkeztu zuten, Fernando Cuñado kontabilitate-adituak landutakoa. Gida horretan enpresen salerosketan erabili beharreko prozesu etiko eta profesionalei loturiko jarraibideak ematen dira, eta kontabilitate-adituen lana aitortzea aldarrikatzen du. Sektoreari loturiko egoerari buruz hitz egin asmoz, Pilar Ramírez foroaren kudeatzaile eta RECeko EAEko lehendakariordearekin bildu da EnpresaBIDEA. 

 

Laburbildu dezakezu X. Kontabilitate Adituen Erregistroaren Foroak zer eskaini duen?

RECaren barruan profesionalentzat egiten den aktibitateetako bat da Foroa. Guk berebiziko garrantzia ematen diogu etengabeko formakuntzari. Gure helburu nagusia da kontabilitate adituak aintzat hartzea Espainia mailan. Eta, horretarako, zenbait ekimen egin behar ditugu, besteak beste, gidak argitaratu. Oraingo honetan aurkeztutako gida seigarrena da jada. Horrez gain, ratioen tresnak sortzen ditugu. Esaterako, adituak txosten bat egiten duenean, enpresa baten egoeraren berri emateko aplikazio bat sortu dugu. Horren guztiaren barruan foroak eratzen ditugu ezagutzak eta esperientziak partekatzeko. Esaterako, oso interesgarria izan da Maite Echarri Sidenor/Mirai Investments enpresako finantza-zuzendaria gurekin izatea. Bestalde, Felipe Herranzek, esperientzia eta ezagutza handiko kontabilitate adituak, enpresen EBITDAren gaineko erregulazioaz hitz egin zuen.

 

Aurkeztutako gidaren berri eman dezakezu?

Bai, Fernado Cuñadok landu du aipatutako gida, zeina Espainia mailako RECaren presidentea den egun. Enpresen salerosketen operazioetarako erabili daiteke gida eta oso praktikoa da, dagoeneko eskuragarri dagoena. Cuñadok bere hitzaldian nabarmendu zuenez, oso garrantzitsua da enpresen salerosketa batean oso ondo jasotzea operazioaren alderdi guztiak. Halaber, azpimarratu zuen kontabilitate aditua independentea eta inpartziala izan behar dela. Saltzaile-eroslearekin informazioa partekatzeak berebiziko garrantzia du, eta txukuntasun profesionala bermatzea ezinbestekoa da.

"Europar Batasunaren barruan, Espainia da estatu bakarrenetarikoa non ez den aintzat hartzen kontabilitate adituaren figura. Esaterako, Frantzian edo Portugalen onartua izan da aspalditik figura hori"

Zeintzuk dira egungo erronkak kontabilitate adituen sektorean? 

Espainian gure figura aintzat hartu dezaten lanean ari gara. Izan ere, Europar Batasunaren barruan, Espainia da estatu bakarrenetarikoa non ez den aintzat hartzen kontabilitate adituaren figura. Esaterako, Frantzian edo Portugalen onartua izan da aspalditik figura hori, eta, hortaz, lehiakortasun desabantaila nabarian gaude. Esaterako, ni neu ezin naiz Frantziara joan nire zerbitzuak eskaintzera. Egun RECak berak ematen duen akreditazioa eta AECAk ematen duena daude. Espainian akreditazio ofizialik ez dagoenez, intrusismo handia ematen da eta horrek ziurtasun gabezia sortzen du bezeroen artean. Kontabilitate aditua ez da bakarrik aholkularia: finantza sailetan lan egiten duten profesionalak izan daitezke, auditoreak, unibertsitatearen munduan dihardutenak, doktoreak, irakasleak... Goi mailako profesionala da kontabilitate aditua. Baina ezer ez dagoenez arautua, enpresa edo ekonomiako unibertsitate ikasketak egin dituen norbaitek, nahiz eta ezagutza handirik ez izan, bulegoa muntatu, kontabilitateak egin eta txostenak aurkeztu ditzake. 

Zer eskatzen ari zarete une honetan gobernuei?

Momentuz, astiro goaz gauzak eskatzen aintzat har gaitzaten. Esaterako, hutsune bat ikusi dugu: araudi merkantilaren barruan, agertzen da lizitazioetako txostenak aditu independente batek egiaztatutakoak izan behar direla. Aldiz, ez da ezer jasotzen adituak izan behar duen gaitasun mailari buruz. Aditu horren gaitasuna gehiago zehaztea eskatzen ari gara: kontabilitate aditu independentea jartzea lizitazioetan, hain zuzen ere.

"Hutsune bat ikusi dugu: araudi merkantilaren barruan, agertzen da lizitazioetako txostenak aditu independente batek egiaztatutakoak izan behar direla. Aldiz, ez da jasotzen adituak izan behar duen gaitasun mailari buruz"

Zer baldintza izan behar ditu pertsona batek kontabilitate adituaren akreditazioa jasotzeko?

Hiru bide daude gure iritziz. Bata, auditorea izatea horretarako azterketa bat gainditu duelako. Bigarrena, merituen bidez egiaztatzea: esperientzia izatea finantza munduan, gutxienez 20 orduko formazioa izatea urtero finantza edo kontabilitate kontuetan, eta artikuluren bat argitaratua izatea kontuotan. Eta hirugarrena, RECak berak egiten duen azterketa bidez lortzea. Gobernuek hiru bideok aintzat hartzea nahi dugu. Beste herrialde batzuetan kontuan hartzen dute gure figura jakin badakitelako utilitate publikokoa dela.