PK Blue konpainiak 150 milioi euroko inbertsioa egingo du Araban 2027ra arte. Logistika sektoreko enpresa gasteiztarrak 300.000 m²ko lurzorua du bere esku gaur-gaurkoz, eta horietatik 85.000 m² eraikita daude. Lurzoru horietan hainbat enpresek euren pabiloiak ezartzeko aukera dute, eta PK Bluek datozen hilabeteetan gauzatu diren hainbat proiekturen berri eman du.
Besteak beste, Eroskik 17.000 metro koadroko banaketa-zentroa izango du bertan, eta lehen Cegasa zegoen espazioan lurzorua eta eraikinak birgaitu eta bi nabe berrituko ditu PK Bluek. Bertan 14.000 metro koadroko nabea XPO konpainiari alokatuko dio, eta 26.000 metro koadroko beste lurzoru industrial bat ere eskuragarri jarri dute. Argitu dutenez, proiektu industrial askok adierazi dute bertan ezartzeko interesa.
Era berean, Jundizko poligonoan Daewoo enpresak fabrika zuen lekuan ere 25.000 metro koadroko lursaila GXO multinazionalak okupatuko du.
Arabako logistika enpresaren instalakuntzetan izan dira gaur Ramiro González Arabako ahaldun nagusia, Maider Etxebarria Gasteizko alkatea eta Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua, eta konpainiako ordezkariekin izan dira azken proiektuak lehen eskutik ezagutzen. Bisita osteko hitzaldian zera nabarmendu du José de la Calle Pulsar Krean taldeko CEO eta PK Blueren batzorde exekutiboko kideak: “Industria eta logistika arloetako enpresak erakartzen ditugu, espazio berriak sortuz eta garatuz eta lehendik daudenak eraldatuz eraberritzearen bitartez. Garapen horietan egin dugun inbertsioari esker, Gasteiz Espainia iparraldeko barizentro logistiko eta industriala bihurtzen lagundu dugu”.
Industriaren hazkunderako "funtsezkoa"
Arabako ahaldun nagusiak nabarmendu du, PK Blueren proiektuak “ezin hobeto islatzen” duela “antzinako industria-espazioen eraldaketa jarduera ekonomikoa, enplegua eta dinamismoa sortzeko aukera bihur daitekeela”. Bere hitzetan, Araba inbertitzeko “lurralde fidagarria” da, eta logistika arloko zerbitzu aurreratuek industria "indartsu, moderno eta jasangarria" sortzen lagundu dezake.
Maider Etxebarriak, aldiz, lehen Cegasa zegoen espazioan PK Bluek eginiko inbertsioan jarri du azpimarra. 50 milioi euroko inbertsioa egin dute bertan, eta esan du “udalak baimendutako hirigintza-aldaketei esker” gauzatu ahal izan dela.
Jauregik ere parte hartu du bisita osteko hitzaldian, eta adierazi du Jaurlaritzarentzat lurzoru industrialaren erreserba “funtsezkoa” dela industriaren hazkunderako. "Horregatik da hain garrantzitsua zuena bezalako enpresak egotea, espazioen egokitzapenean 150 milioi euro inbertitzera animatuta, lurralde hau penintsularen iparraldeko nodo logistiko industrial nagusia bihurtzeko", esan du.
PK Blue Industrial&Logisticsek ehun milioi euroko inbertsioa egin du 2020az geroztik, eta higiezinen sektore logistiko-industrialean “lidergoari” eutsi nahi diotela adierazi dute konpainiako ordezkariek.