
Poloniako Garapen Funtsak (PFR, ingelesezko sigletan), Pesa tren-fabrikatzailearen jabeak, baieztatu du interesa duela Talgo eskuratzean, eta, agian, erosteko eskaintza publikoa (EEP) egingo duela adierazi dio Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV). Aitzitik, konpainia poloniarrak azaldu du oraindik ez duela eskaintzarik burutu, gobernu-organoen baimena behar duelako.
PFRk jakinarazi du, Talgo erostekotan, epe luzerako balioa sortzeko asmoa dutela, negozioa handituta eta hazkundea sustatuta; negozioa “Espainian mantenduko” lukeela gaineratu du, “bertako industria-gaitasuna bermatzeko”. Poloniarren ustetan, Talgo eta Pesa bateratzeak “Europa mailako lider” gisa kokatuko luke konpainia.
EEPa egiteko asmoa iragarri dutenetik, Talgoren akzioek %7,3 egin dute gora gaur goizean, 4,195 eurotara iristeraino.
Trilanticek, Talgon %29,7ko partaidetza saltzen duen taldeak, otsailaren 14 eguna jarri du eskaintzak jasotzeko azken data gisa. Oraingoz, Sidenor eta PFRk adierazi dute interesa, nahiz eta Jupiter Wagons indiako tren-fabrikatzailea ere gehitu daitekeen erosleen zerrendara. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Sidenorren aldeko apustua egin dute, zeinak pasa den astean eskaintza handitu zuen: akzio bakoitzeko lau eurokotako ordainsaria 4,8 eurora igo zuen.