
Daniel Luque Fernández Punto Ahorro proiektuaren hedapen-zuzendaria da, eta proiektua berak sortu zuen Oscisa taldearen barruan. Izan ere, aholkularitza eskaintzen urteak eman ondoren, taldeak arreta presentzialaren eskaera gero eta handiagoa antzeman zuen, bai partikularren aldetik, bai enpresen aldetik. Horrela sortu zen Punto Ahorro Marketing S.L., eta lehenengo denda 2024ko urtarrilean ireki zen. Gaur egun, frankizia sarea bilakatu da Espainiako Estatu osoan zehar.
Zer da Punto Ahorro? Zein zerbitzu eskaintzen dizkio, eta nori?
Punto Ahorro aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dituen denda sarea da, helburu izanik familien eta enpresen oinarrizko gastuak murriztea, dohainik. Hau da, funtsean, Punto Ahorron doako zerbitzua ematen dugu jendeak oinarrizko gastuetan aurrez dezan. Telefonia, energia, aseguru edota alarma zerbitzuak aztertzen ditugu, eta merkatuko aukera guztien artean bezeroarentzat onena bilatzen dugu, bakoitzaren beharren arabera. Hala, urtero ahalik eta gutxien ordaindu beharko du bezeroak. Ez dugu ezer kobratzen ematen dugun zerbitzuarengatik, alegia, bezeroak ez du ezer ordaindu behar.
Zer egin behar du bezeroak fakturetan aurreztu nahi badu?
Bi prozesu mota ditugu: lehena, bezeroa dendara datorrenean, eta bigarrena, guk ekintza komertzial zuzena egiten dugun kasuetan. Lehen kasua da partikularrekin eta familiekin lotura handiena duena: bezeroa dendara sartzen da bere fakturarekin, eta guk zehazki zer behar duen galdetzen diogu. Bezeroak esan diezaguke, besteak beste, mugikor-linea asko dituela eta ez dituela guztiak erabiltzen, edo ez dituela behar kontratatuta dituenak adina datu mugikor. Orduan guk, konpainia jakin batek saldu nahi diona eskaini beharrean, benetan behar duena gomendatzen diogu. Kasu bakoitza indibidualki aztertzen dugu, bakoitzari irtenbiderik onena eskaintzeko. Beti egongo gara bezeroaren alde.
"Ez dugu ezer kobratzen ematen dugun zerbitzuarengatik"
Behin egin beharrekoa identifikatuta, kudeaketa guztia guk egiten dugu (kontratu berriak egin, berrikusi, deuseztatu…). Hurrengo urtean bezero horrek bere kontratuak berritu behar baditu, galdetu besterik ez diogu egiten ea denak berdin jarraitzea nahi duen ala ez. Hala bada, kudeaketa osoa egiten diogu, eta berak sinatu besterik ez du egin behar; bezeroak NANa erakustearekin nahikoa du. Horrela, jendeak gugan konfiantza izatea eta berriro ere itzultzea lortzen dugu.
Are gehiago, erabiltzaile askok jada ez digute galdetzen zein konpainiara aldatuko diogun kontratua datorren urtean: badakite beren egoerarako egokiena dena hautatuko dugula.
Aurrezten laguntzen duzuen zerbitzuen adibide zehatzak eman ditzakezu?
Telefoniari dagokionez, zuntzarekin, telefono finkoekin, mugikorrekin, telebistekin… laguntzen dugu, bai etxeetan, bai enpresetan. Telefonoguneekin eta eSIMekin ere lan egiten dugu. Energiari dagokionez, 2.0 tarifa duten etxebizitza txikietatik hasi eta 6.1 tarifa duten enpresa handiekin lan egitera iritsi gara, potentzia eta bestelako parametroak optimizatzen baititugu aurrezteko. Alarmak eta aseguruak ere lantzen ditugu.
Nola irabazten du dirua enpresak zerbitzua doakoa bada?
Bezeroari ez zaio ezer kobratzen konpainiek komisioak ordaintzen dizkigutelako arrakasta kasu bakoitzeko, hau da, formalizatzen dugun kontratu bakoitzeko komisio txikia eskuratzen dugu. Hala ere, gure filosofia beti bezeroaren ondoan egotean datza. Azken finean, konfiantza sortzen dugu, orain arte ohikoa izan den lan egiteko modua alde batera utzi eta desberdin funtzionatzen dugulako: ahalik eta gehien saltzen saiatu beharrean, bezeroen aurrekontua txikitzen dugu, gutxiago ordain dezaten. "Pirateria komertzialaren" historia horren aurka borrokatzen saiatzen gara, sektoreak ospe txarra utzi baitu.
"Negozioaren oinarria eta helburua da irekitzen dugun denda bakoitzak ondo funtzionatzea eta epe luzera etengabe garatzen jarraitzea"
Era berean, beste negozioetatik bereizten gaituena da ez dugula dirurik irabazi nahi frankizien irekierarekin. Kontrara, negozioaren oinarria eta helburua da irekitzen dugun denda bakoitzak ondo funtzionatzea eta epe luzera etengabe garatzen jarraitzea. Horregatik, ahalik eta gehien berrinbertitzen dugu frankiziatuan, nahiago baititugu diru-sarrera txikiak baina egonkorrak izan. Frankiziatu batzuen kasuan, berrinbertsio horri esker lehen denda ireki ondoren azkar batean ireki dituzte beste denda batzuk. Horregatik guztiagatik, negozio eredua ondo funtzionatzen ari da.
Frankiziatuei dagokienez, zein profil bilatzen duzue? Denda bakoitzak modu autonomoan funtzionatzen du edo sare koordinatua da?
Esperientzia komertziala duten edo, gutxienez, jarrera eta garatzeko gogoa duten profilak bilatzen ditugu; gaitasun komertzial hori ez duen jendeari kosta egingo zaio negozioak aurrera egiteko behar den ahalmena eskuratzea. Haatik, Oscisan prestakuntza osoa, laguntza eta karrera-plana eskaintzen ditugu, langile horiek ahalik eta hobekien prestatzeko. Horrez gain, frankiziatu batek beste batzuk ekartzen baditu negoziora, komisioak lortzen ditu. Hain zuzen, Oscisako egituratik frankizia eredura aldatu den jende asko dago.
Denden funtzionamenduari dagokionez, guk jarraibide orokor batzuk eta prestakuntza ematen dizkiegu establezimendu guztiei. Egia da gauza batzuk bai ala bai egin behar direla, ekintza komertzial edo akordio espezifikoak, adibidez, baina egunerokoa denda bakoitzak bere modura kudeatzen du. Guk dendak gainbegiratzen ditugu, batik bat, gauzak gaizki egin ez daitezen, xehetasun guztiak kontrolatu ezin baditugu ere.
Zein etorkizun du Punto Ahorrok?
Gure helburua Espainiako Estatu mailan hedatzen jarraitzea da. Bilbokoak izanda, gaur egun hemen (Bilbon) presentzia handiagoa dugun arren, baditugu dendak beste hainbat hiritan, hala nola, Gasteizen, Iruñean, Leonen, Logroñon edo Roquetas de Mar-en, eta laster zabalduko ditugu denda berriak beste leku batzuetan, esaterako, Barakaldon, Santutxun (Bilbo), Tolosan, Jaenen edo Gijonen. Gainera, etorkizunari begira, nazioarteko hedapena aurreikusten dugu, nahiz eta lehenik penintsulako merkatuan egonkortu nahi dugun.
Hala ere, egia esan, jada oso ondo funtzionatzen ari da negozioa Espainia mailan. Duela aste batzuk denda berria ireki genuen Urretxun bertan, jabea Zumarragakoa eta langilea Urretxukoa izanik. Gertutasun horrek ere asko laguntzen du denda irekitzerakoan, langileek ingurunea ezagutzen dutelako eta denda ireki aurretik ekintza komertzialak egiteko aukera izan dutelako. Ahoz ahokoari eta erreferentzia pertsonalei esker, onak izan dira dendaren lehen asteak.