• ENPRESAK GAUR
  • Robot humanoideak garatuko dituen enpresa sortu du Fagor Arrasatek

Robot humanoideak garatuko dituen enpresa sortu du Fagor Arrasatek

Madrilgo Funditec teknologia zentroarekin batera eratu du Primus Robotics izeneko konpainia. 2027 amaierarako lehen robotaren prototipo funtzionala prest izatea aurreikusten dute

Antonio Navarro Funditeceko presidente exekutiboa eta Unai Lopez Fagor Arrasateko zuzendari orokorra | Argazkia: Fagor Arrasate
Antonio Navarro Funditeceko presidente exekutiboa eta Unai Lopez Fagor Arrasateko zuzendari orokorra | Argazkia: Fagor Arrasate
2026eko martxoaren 24a - 12:31

Fagor Arrasatek, Madrilgo Funditec zentro teknologikoaren laguntzarekin, Primus Robotics izeneko enpresa sortu du. Bi erakundeak akordio estrategiko batera ailegatu dira, eta konpainia berria robot humanoide industrialen diseinuan, garapenean eta fabrikazioan espezializatuko da.

 

Fagor Arrasate ekipamendu industrialaren diseinu eta fabrikazioan aritzen da, eta, azaldu dutenez, robot humanoideak gaitasuna izango du eskari handiko inguruneetan zehaztasun, segurtasun eta eskuragarritasun maila altuekin lan egiteko.

Madrilgo zentroaren adimen artifizialean espezializatutako unitate teknologikoa izango du bidelagun, Funditec Intelligence, hain zuzen,. Enpresa bakoitzak %50eko partaidetza izango du, eta helburu gisa jarri dute “Europan jatorria duten industria-IAko soluzio robotikoak eskaintzen lehenak izatea”. Horretarako, Funditecen adimen artifizial aplikatuan duen esperientzia eta Fagor Arrasatek ingeniaritzan, industria-automatizazioan, robotikan eta fabrikazio aurreratuan dituen gaitasunak uztartuko dituzte.

 

Garatuko dituzten robot horiek ingurune konplexuetan jarduteko diseinatuta daude, eta makina, sistema produktibo eta logistika-prozesu aurreratuekin modu seguruan eta eraginkorrean integratzen dira.

Hala, Primus Roboticsen lehen produktua Primus P1 izango da, manipulazio, laguntza, mantentze eta produkzio prozesuetako laguntza-lanak egiteko sortutako robot humanoidea. Bere adimen artifizialeko ertz-konputazioko sistema eragileari esker, robotek ahalbidetuko dute jatorriz gizakientzako diseinatutako inguruetan automatizazio-maila handitzeko, roboten, langileen eta makineria industrialaren arteko lankidetza erraztuta.

Hasierako fasean 200 robot

Mondragon taldeko kooperatibak argitu duenez, proiektuak hasierako industrializazio fase bat izango du. Urtean 200 robot inguruko ekoiztea aurreikusten dute lehen fase horretan, eta epe ertainera 3.000 unitatetik gora. Primus P1en lehen prototipo funtzionala 2027 amaierarako prest izatea espero dute.

Juan Etxebarria Fagor Arrasateko negozio-garapeneko zuzendariak zera azaldu du: “Robot humanoideak gure Arrasateko plantan ekoiztea azken urteotan egin dugun apustu teknologiko ausartena da. Hamarkadak daramatzagu automatizazioa, robotika eta zehaztasun-ingeniaritza integratzen gure bezeroen ekoizpen-lerroak automatizatzeko. Orain urrats bat gehiago ematen dugu: Funditeceekin batera plataforma teknologiko bat sortu dugu, adimen artifiziala, kontrol aurreratua eta zehaztasunezko fabrikazioa uztartzen dituena, langileak lan astun, errepikakor eta arriskutsuetatik askatuko dituen robotak ekoizteko.”

Juan Etxeberria (Fagor Arrasate): “Robot humanoideak gure Arrasateko plantan ekoiztea azken urteotan egin dugun apustu teknologiko ausartena da"

Alejandro Echeverria Funditec Intelligenceko zuzendari nagusiaren hitzetan, Primus Robotics sortzea “aurrerapauso estrategikoa da misio kritikoetako sistema autonomoetarako adimen artifiziala garatzeko”. Nabarmendu du akordioari esker, “ingurune produktibo errealetara jauzia azkartu” dezaketela, eta “Europan adimen artifizial fisikoa deritzonaren garapena sendotu”.