Nafarroako Aldakin enpresa finalista gisa hautatu dute nazioarteko IERA Award 2025 (Innovation and Entrepreneurship in Robotics & Automation) sarietarako. Mundu mailako robotika eta automatizazioaren sektoreko sari ezaguna da IERA, eta azaroaren 6an jakingo da nork irabazten duen, Seulen (Hego Korea) egingo den robotikari buruzko azokan (International Symposium on Robotics eta RobotWorld azoka).
Aldakin konpainia industriarako eta eraikuntzarako soluzio elektrikoetan eta automatizaziokoetan espezializatzen da, eta sarietara aurkeztu duen hautagaitza Idekorekin batera garatu du. Fibremach du izena proiektuak: “konposite materialaz egindako piezak mekanizatzeko sistema robotiko berritzailea da”, azaldu dute. Sistema horrek %98raino kentzen du prozesu mota horretan sortzen den minbizi-eragilea den hautsa, eta, gainera, zehaztasuna, eraginkortasuna eta iraunkortasuna hobetzen ditu.
Fibremach proiektuak 2023an bertan jada jaso zuen sari bat: Cecimoren Machine Tool Innovation Award. Urtebete beranduago, Advance Manufacturing Awards 2024 sarietan aintzatespena jaso zuen, “konpositeen fabrikazioko teknologia berritzaileena" izateagatik.
IERA Award 2025eko gainerako finalistak Txinako Youibot Robotics, Kanada eta AEBko Rockwell Automation eta Txinako Fourier Rehab enpresak dira. Irabazleak konpainiaren mundu mailako ikusgarritasuna indartuko du, baita “hedapena azkartu eta inbertsioa erakarri ere”.