María José Rodríguezek hartu du Lagun Aro aseguru-etxeko zuzendari nagusiaren kargua, Pablo Mongelos ordezkatuta. Errelebo aldaketa gaur iragarri badute ere, izendapena apirilaren lehen egunean egin zen.
Mongelos hogei urtez izan da zuzendari nagusi, erretiroa hartu duen arte, hain zuzen ere. Taldeak jakinarazi duenez, bere ibilbidea “funtsezkoa” izan da Lagun Aro Aseguruen bilakaeran, oso baliagarria izan baita negozio-eredua indartzeko, aseguruen eskaintza handitzeko eta konpainiaren posizioa sendotzeko. “Aseguru-etxearen sendotzea eta hazkunde iraunkorra izan dira epealdi horren ezaugarri nagusiak”, zehaztu dute.
Orain, izendapen berriaren bitartez, aseguru-etxeak “gestio fidagarria eta espezializatua” eskainiko dela berretsi nahi du, baita “hazkundea finkatzea, bezeroarekiko hurbiltasuna areagotzea eta aseguruen sektorearen erronka berrietara egokitzea” ere. Horretarako utzi dute aginte makila Rodríguezen esku, zeinak 2006an hasi zuen bere ibilbidea Laboral Kutxa taldean. Bi hamarkadetan zehar, Rodríguezek bankuko Arrisku Gestioko zuzendaritza kargua izan du, eta zenbait administrazio-kontseiluetako kide izan da taldearen barruan. “Hau da, aseguruen negozioaren gaineko zuzeneko ezagutza du”, baieztatu du kooperatibak. Espediente akademikoa esanguratsua ere badu buruzagi berriak: matematikan lizentziaduna da EHUn, Ekonomian doktorea, eta Enpresen Ekonomiaren eta Metodoen arloan graduondoko prestakuntza ere eskuratu zuen.
