Salmenta-protokoloa sinatu du Balenciaga ontziolak

Jaurlaritzak “oso modu positiboan” baloratu du akordioa

2024ko abendutik martxan da hartzekodunen konkurtsoa Balenciagan |Argazkia: Europa Press
2024ko abendutik martxan da hartzekodunen konkurtsoa Balenciagan |Argazkia: Europa Press
2025eko abenduaren 1a - 09:35

Ostiralean sinatzekoa zen Balenciaga ontziolaren eta Abu Dhabi Ports konpainiaren arteko salerosketa, baina azkenean asteburu guztira luzatu da prozesua. Atzo jakinarazi zutenez, jada hitzartu dute salerosketarako protokoloa, baina oraindik ere pauso batzuk falta dira eragiketa guztiz ixteko: erosketa sinatu behar da eta enpresaren titular berria ofizialdu. Horretarako, operazioa enpresa batzordearen erabakiaren zain eta Eusko Jaurlaritzaren emakida lortzearen mende dago oraindik ere.

 

Behin bi gauza horiek eginda, Safeen Drydock partzuergoa (Abu Dhabi Ports eta Premier Marine barne hartzen dituena) izango da ontziolaren jabe berria. 11,2 milioi euroren truke egingo da transakzioa, zeinari esker 2024ko abendutik martxan den hartzekodunen konkurtsoari amaiera emango zaion.

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua pozik agertu zen asteburuan salerosketarekin, “oso modu positiboan” baloratzen baitu akordioa. “Egun handia da Euskadirentzat, industriarentzat, euskal ontzigintzarentzat, Zumaiarentzat eta Balenciagako langileentzat”, adierazi zuen.