Neety start-upak topaketa antolatu zuen irailaren 24an Donostian, zeinetan sektoreko ehun bat profesional elkartu ziren. Adimen artifizialak salmentetan duen eragina izan zuten hizpide jardunaldian, eta Neetyrekin batera izan ziren Multiverse Computing, Uptek, AMA edota Lins3s konpainiak.
Enpresetako talde komertzialen produktibitatea biderkatuko duela agindu du adimen artifizialak. Baina bada aurreko galdera bat, enpresa askok oraindik erantzun ez dutena: AA erabiltzen ari gara hobeto saltzeko edo, besterik gabe, egiten ari ginena azkarrago egiteko? Bada, hori izan zen Neety Forward 2026 topaketaren eztabaida nagusietako bat.
Jardunaldian zehar, Neetyk bere adimen komertzialeko plataformaren azken nobedadeak aurkeztu zituen, zeina salmenta-taldeei lau galdera erantzuten laguntzeko diseinatua dagoen: zer enpresari saltzea merezi duen, nork hartzen duen erabakia, noiz dagoen benetako aukera bat eta une horretan zer ekintzak duen zentzurik handiena. "AAk ez luke balio behar hamar aldiz mezu gehiago bidaltzeko, baizik eta zer mezu bidaltzeak merezi duen jakiten lagundu beharko liguke", azaldu zuen Unai Arambarri Neetyren sortzaileetako batek.
Jardunaldian hainbat mahai inguru antolatu zituzten, eta prozesuen automatizazioa izan zuten hizpide. Besteak beste, mahai horietan parte hartu zuten Neetyko Iker Galarzak, Juanjo Gomezek (AFM-UPTEK), Telmo Esnaolak (Multiverse Computing), Jon Herasek (Lin3s) edota Maite Ruiz Roqueñik (AMA).
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta