Saltokik salmenta gune berria irekiko du Arrasaten

Egoitza berri honekin, enpresak 80 lantegi izango ditu, lau Gipuzkoan

Saltokiren egoitza | Argazkia: Saltoki Saltokiren egoitza | Argazkia: Saltoki

Gipuzkoako instalatzaile eta erreformista guztiei eskaintzen dien zerbitzua indartzen jarraitzeko asmoz, Saltoki enpresak Arrasaten lantegi berri bat irekiko duela iragarri du. Gipuzkoan duen laugarren lantegia izango da, eta enpresak orotara dituen laurogeigarrena.  

Lantegi berria Arrasateko Kataide industrialdean egongo da kokatuta, eta 3.000 metro karratuko azalera izango du denda eta biltegiaren artean. Bertatik arreta hurbilagoa eta zuzenagoa eskaini nahi die enpresak inguruko instalatzaileei, bereziki Debagoienekoei eta Arrasate, Bergara, Oñati eta Aretxabaletakoei.

Produktu-eskaintzari dagokionez, iturgintzako, klimatizazioko, berokuntzako, elektrizitateko eta argiztapeneko material sorta osoa eskainiko dute bertan. Era berean, bezero guztien eskura jarriko ditu energia berriztagarriekin lotutako produktuak eta materialak, eta arreta berezia jarriko du ibilgailu elektrikoa, eguzki-energia fotovoltaikoa edo aerotermia bezalako arloetan.

Gainera, bainugela gunea ere izango du, laster inauguratuko den erakusketa gunea. Bertan, eraberritzeko behar den guztia egongo da, hala nola altzariak, txorrotak, komuna, dutxa-platerak, manparak edo zeramika.

Gipuzkoako taldearen egiturak lagunduta, Arrasateko Saltokik doako zerbitzuak eskainiko ditu profesionalei eguneroko lana errazteko: aholkularitza teknikoa; energia-eraginkortasunaren arloko laguntza; prestakuntza; laguntzak eta dirulaguntzak eskatzeko laguntza; edo Salfon, instalatzaileentzako software esklusiboa eta negozioen administrazio-kudeaketa modu errazean ebazteko programa.

Era berean, Gasteizko logistikaren euskarriari esker, banaketa zerbitzua ere izango dute. Hala, bezeroek beren produktuak goizez edo arratsaldez jaso ahal izango dituzte beren lantegian edo biltegian, edo, nahi izanez gero, Saltokiren dendan bertan ere jaso ahal izango dituzte.

Arrasatekoa da Saltokiren 2023ko lehen irekiera, eta bosgarrena azken hamabi hilabeteetan, Valentzian ireki baitzuen beste lantegi bat apirilean, Monforte de Lemosen (Lugo) irailean, eta Albacete eta Calahorran (Errioxa) azaroan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK