Sara Ortiz, Maria Arroyo, Azucena Hernandez eta Rosa Hernandezen ibilbidea aitortuko du AMPEAk

Arabako Emakume Talentuen Sarien irabazleak iragarri ditu Arabako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteak. Sari banaketa azaroaren 2an egingo da Gasteizko Europa Kongresu Jauregian

Sara Ortizek emakume zuzendariaren saria jasoko du | Argazkia: Ampea Sara Ortizek emakume zuzendariaren saria jasoko du | Argazkia: Ampea

Azaroaren 2an emango dira Arabako Emakume Talentuaren 2023ko sariak Gasteizko Europa Kongresu Jauregian, eta Arabako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteak (AMPEA) aurtengo edizioko irabazleen berri eman du. Aurreko edizioetan bezala, aurtengoan ere lau kategoriatako sariak banatuko dira: emakume zuzendariarena, emakume ekintzailearena, emakume enpresariarena eta emakumea eta zientziarena. Hala, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, BIC Arabak, Arabako Merkataritza Ganberak eta EHUko ordezkariek osatutako epaimahaiak hautatu dituzte irabazleak.

Emakume zuzendariaren saria Sara Ortiz CIC energiGUNEko finantza eta estrategia zuzendariari emango diote. 2010az geroztik dihardu Ortizek berrikuntza eta teknologia ikerketa zentroan lanean, eta bere lana erakundearen bilakaera positiborako giltzarri izan delakoan jasoko du aitortza. 

Emakume ekintzaile onenaren aitortza Maria Arroyori egin diote. Arroyo Rooster Capital enpresaren fundatzailea da. 2022an sortua, aholkularitza zientifiko-teknikoa eta I+G+B arloko kudeaketa estrategikoa eskaintzen du, besteak beste. Fisikan lizentziatua da Arroyo eta goi mailako ingeniaritza mekanikoan espezializatu da. Osasun eta bioteknologian sektorean garatu du bere ibilbide profesionalaren zati handiena.

Azucena Hernandezek eskuratu du emakume enpresariaren saria. Eurocybcar eta Grupo Cybentiako sortzaile eta zuzendaria da Hernandez, eta ibilgailuetako ziberseguritate maila neurtzen duen mundu mailako lehen testa asmatu du bere konpainiak. Hori gutxi balitz, ziberseguritatean eta mugikortasunean espezializatutako lehen hedabide digitala sortu du Hernandezek, HackerCar izenekoa.

Azkenik, emakume eta zientzia saria Rosa Hernandezi emango diote. Farmazian eta teknologia farmazeutikoan EHUko katedraduna da Hernandez 2009az geroztik, eta Salamancako Unibertsitatean ere doktorea da farmazian. Ikerketa arloan argitalpen zientifiko ugari egin ditu bere ibilbide profesionalean, baita hainbat patente sortu ere. Medikuntza birsortzailea eta nanoteknologia izan dira bere ikerketaren ardatz nagusiak. Gainera, Basque Pharmalabs 4.0 laborategiaren sorkuntzan parte hartu zuen, eta EHUko farmazia graduko koordinatzailea da, besteak beste.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK