Sasoi eraikuntzak, Elhuyar eta EuskarAbentura saritu ditu Bai Euskarari Elkarteak

Bakoitzak bere esparrutik, euskararen arlo sozioekonomikoan egindako ekarpena aitortu nahi izan diete hiru entitateei

2022ko sarituetako ordezkariak, gaur goizean, Miramonen (Donostian) | Argazkia: Bai Euskarari Elkartea 2022ko sarituetako ordezkariak, gaur goizean, Miramonen (Donostian) | Argazkia: Bai Euskarari Elkartea

Bai Euskarari sariak lehen aldiz banatu ziren tokira itzuli dira aurten: Gipuzkoako Parke Teknologikoko egoitzara. Egiten eta eragiten dugulako gara lelopean, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko hiru entitateri aitortza egin dio Bai Euskarari Elkarteak. Festa giroan izan da, Demode Quartet taldearen musikarekin, besteak beste.

Saria jasotzen lehena izan da Sunbillako (Nafarroako) Sasoi eraikuntzak enpresa, obra zibil eta eraikuntza arloan lan egiten duena. Ane Uranga eta Eneritz Lanz arduradunek "sorpresa polita" izan dela adierazi dute, eta “errekonozimendu bezala jaso” dutela. Eraikuntza eremu erdalduna izanik, batez ere jasotzen dena gazteleraz delako, eta "hizkuntza teknikoa oraindik ere garatzeko" beharra izanik, "pixkanaka" ari direla nabarmendu dute. "Lan talde guztia euskalduna dela suertatu da. Beraz, aurkezten dena gazteleraz egin ohi dugu administrazioan; barne harremanak-eta, euskaraz", esan dute.

Oholtzara igotzen bigarrenak, aldiz, Jon Abril Olaetxea eta Aitziber Salaberria Arregi Elhuyarreko zuzendari nagusi eta hizkuntza plangintzarako aholkularia igo dira. Izan ere, 50. urteurrenean, Elhuyarrek euskararen eta zientziaren arloan lorturiko erreferentzialtasuna aitortu nahi izan du Bai Euskarai Elkarteak. Pozez jaso dute saria. “Bai Euskarari etxekotzat dugu, eta etxekoen aitortzat goxo hartzen da”, adierazi du Abrilek. “Aitortza da arlo sozioekonomikoan egindako ibilbideari, eta urte hauetan izan ditugun bidelagun, langile, lankideei. Bidea ez dugulako bakarrik egin", gaineratu du Salaberriak. Borondatez lanean hasitako bederatzi langileetatik 100 laguneko lantandeko egitura izatera igaro da. Euren erronketako bi dira "gizartean izaten ari diren aldaketei ahalik eta egokien erantzutea, eta lan mundua euskaldutzen jarraitzea".

Elhuyarren ondoren, EuskarAbenturak jaso du saria, euskararen lurraldea hilabetez zehazkatzeko duela urte batzuk martxan jarritako espedizioa. Aurtengo edizioa ostiralean abiatuko da, eta 128 lagunek hartuko dute parte. Irati Labayen, Iker Goñi, Izaro Mariezkurrena, Ane Lapresa... izan dira saria jaso duten ordezkarietako batzuk. "Lan boluntario bati" aitortza dela nabarmendu dute, egun "profesionalizatu dena, eta zentzu horretan "ilusioa eta eskertza" direla sentsazioak. Proiektua aurrera ateratzeko lanean aritu ziren eta aritzen diren kide asko aipatu dituzte, baita erakundeak ere. Espedizioan parte hartzeko, gazteek proiektua aurkeztu behar izaten dute, eta horrek ahalbidetzen die beka irabazi, eta bertan parte hartzea. Zentzu horretan, Ruta Quetzalen inspiratua dago. "Gazte gehienek lehen aldiz etxetik kanpo pasatzen duten hilabetea izan ohi da. Esperientzia bitartez, nolabaiteko klik bat egiten dute. Gainera, euskaraz bizi daitezkeela ikusten dute eta balio positiboak diren jarduerak egiten saiatzen gara —jasangarritasuna, berdintasuna,...—"

22 urte

22 urte igaro dira lehenengo aldiz Bai Euskarari sariak banatu zirenetik. Garai hartan, Bai Euskarari kanpainaren “hito” bat izan zen sari banaketa, Bai Euskarari plan estrategikoaren baitan. Horren emaitza gisa sortu zen, hain zuzen, Bai Euskarari ziurtagiria. “Lehen ziurtagiri horrek ez zuen zerikusirik egungoarekin”, nabarmendu du Rober Gutierrez Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak. Eta 2007an jaio zen elkartea bera eta proiektu berriak jarri zituzten apurka martxan, bai propioak, bai beste eragile batzuekin garatutakoak. Enpresarean proiektua da horren adibideetako bat.

Egun, egoera erraza ez dela nabarmendu du Gutiérrezek, eta krisialdi horretan “euskararen kezka” mahai gainean jartzeko egiten ari diren lana azpimarratu du. Elkarte gisa, azaldu du aurrera begirako erronkak direla “egonkortzea, proiektuak bideragarriak direla bermatzea, eta proiektu berriak garatzea”. Hain zuzen, aurten berrituko dute datozen urtera begirako plan estrategikoa. Gainera, Eusko Jaurlaritzarekin lanean ari dira "elkarlanean zerbait eraikitzeko" asmoz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK