Sasoi Onen lehen espazioa ez zen gimnasio bat izan. Dantza lokal txiki bat zen, orduka alokatua. Ez zegoen inbertsio handirik, ezta hasieratik diseinatutako egitura handirik ere. Baina bazegoen gauza argi bat: entrenamendu funtzionala kalean eta aire zabalean eskaintzen zuen ereduak muga nabarmenak zituen. Euskal Herrian, euria, hotza eta eguraldi aldakorra ez dira xehetasun txikiak; jarduera bat egonkortu nahi bada, espazioak ere egonkorra izan behar du.
Premia horretatik abiatu zuen Josu Odriozolak Sasoi On, 2021eko irailean, Zumaian (Gipuzkoa). Entrenamendu funtzionalaren sektorean lanean ari zen ordurako, eta esperientzia horrek erakutsi zion bazegoela tokiko eskaintza hurbilago eta pertsonalizatuago baterako lekua. Hasierako erabakia, hala ere, neurtua izan zen: lokal bat orduka hartu, arriskua mugatu eta proposamenak benetako erantzuna ote zuen ikusi. “Ez nuen ezer galtzeko”, gogoratzen du Odriozolak lehen urrats haiez hitz egitean.
Lehen komunitatea 40 bezero inguruk osatu zuten. Kopuru txikia zen, baina proiektuaren oinarriak finkatzeko nahikoa. Sasoi On ez zen masa handi bati zuzendutako gimnasio gisa jaio, gertuko harremanean, jarraipenean eta konfiantzan oinarritutako egitasmo gisa baizik. Hasierako tamaina txiki hark aukera eman zion erabiltzaile bakoitza gertutik ezagutzeko eta zerbitzua pertsonen beharretatik eraikitzeko.
Sasoi On ez zen masa handi bati zuzendutako gimnasio gisa jaio, gertuko harremanean, jarraipenean eta konfiantzan oinarritutako egitasmo gisa baizik
Ia bost urte geroago, argazkia nabarmen aldatu da. Gaur egun, Josu Odriozolak eta Xabat Gastañaresek gidatzen dute Sasoi On, bi lokal espezializaturekin eta 250 erabiltzaile inguruko komunitatearekin. Hazkundea ez da soilik tamainan nabaritu. Bigarren lokalak beste etapa bat ireki du, bereziki indar-lanari eta erabiltzaile profil ezberdinei lotutako zerbitzuak garatzeko aukera emanez. “Jende gehiagorengana iristeko eta zerbitzu ezberdinak emateko aukera ikusi genuen, gure printzipioei eutsita”, azaldu du Gastañaresek.
Hor dago Sasoi Onen bilakaeraren gakoa. Entrenamendu funtzionala kontzeptu ezaguna da gaur egun, eta merkatuan ez da nahikoa klaseak eskaintzea. Diferentzia ez dago soilik ariketetan, makinetan edo materialean, erabiltzailearen abiapuntua ulertzeko moduan baizik. Sasoi On ez da hazi eskaintza orokorra handituz; eskaintza zehaztuz eta profil bakoitzera egokituz baizik. Enpresa ikuspegitik, horrek garrantzi handia du: zerbitzua pertsonalizatzeak bezero berriak erakartzen ditu, baina batez ere indartu egiten du komunitateari eusteko gaitasuna.
Indartu izeneko hasiberrientzako taldeek ondo erakusten dute ikuspegi hori. Jende askorentzat entrenamendu zentro batera lehen aldiz sartzea ez da erraza izaten. Ez da forma fisiko kontua soilik; lotsa, zalantza edo norberaren mailarekiko segurtasun falta ere ager daitezke. Horregatik, talde horietan erritmoa, azalpenak eta ariketen egokitzapena beste modu batean lantzen dira. Helburua ez da pertsona bat lehen egunetik intentsitate handiko dinamiketan sartzea, entrenamenduarekiko konfiantza eraikitzea baizik.

Ikuspegi horrek ate bat irekitzen die lehen urratsa eman nahi dutenei. Aldi berean, zentroarentzat ere erabaki estrategikoa da: Sasoi On ez da jada entrenatzen dutenengana bakarrik iristen; entrenatzen hasteko testuinguru egoki baten bila dabiltzanengana ere heltzen da. Horrek zerbitzua zabaltzen du, baina izaera galdu gabe; hazkundea ez baita erabiltzaile gehiago pilatzea soilik, bakoitzari dagokion bidea eskaintzea baizik.
Senior taldea da eredu horren beste adibide argienetako bat. Odriozolak aipatutako kasu batek ondo erakusten du zer dagoen proposamen horren atzean: 65 urteko emakume bat, bizitza osoan kirolik egin gabea, taldean hasi zen, eta bi hilabeteren buruan aldaketa nabarmena sumatu zuen. Hasieran squat bat egitea (kokorikatzea) bera kostatzen zitzaion; gaur egun, eguneroko mugimenduetan arinago eta seguruago sentitzen hasi da.
Horrelako adibideek erakusten dute entrenamendua ez dela beti errendimenduarekin lotu behar. Adineko pertsonentzat indarra, oreka, mugikortasuna eta koordinazioa lantzea zuzenean lotuta dago autonomia pertsonalarekin. Lurretik altxatzea, eskailerak igotzea, erosketak eramatea edo etxean segurtasun handiagoz mugitzea eguneroko bizitzaren parte dira. “Autonomia hori azpimarratuko nuke gehien”, dio Odriozolak. Gorputzak hobeto erantzuten duenean, pertsonak askatasun handiagoa irabazten du.
Ariketa bat ulertu, arreta jarri, koordinatu eta taldean egiteak, gorputza ez ezik, burua ere aktibatzen du
Gainera, senior taldeek badute beste dimentsio bat. Jubilazioaren ondoren, errutinak aldatu egiten dira askotan, eta entrenamendu saioek egitura, topagune eta harreman espazio bat eskaintzen dute. Ariketa bat ulertu, arreta jarri, koordinatu eta taldean egiteak, gorputza ez ezik, burua ere aktibatzen du. Sasoi Onen kasuan, osasuna ez da giharra lantzera mugatzen; autonomia, harremanak eta ongizate soziala ere barne hartzen ditu.
Etorkizunera begira, arduradunek herrian sortzen diren behar berriak entzuten jarraitu nahi dute. Hazkundea ez dute lokal gehiago edo bezero gehiago izatera mugatzen; zerbitzuak komunitatearen arabera garatzea dute helburu. “Hasierako ilusio bera dugu, baina orain proiektu berriak ditugu buruan”, laburbildu dute. Bide horretan kokatzen dute 14-16 urte inguruko nerabeentzako talde bat sortzeko aukera.
Proposamena bereziki talde-kirolik praktikatzen ez duten gazteentzat pentsatuta dago, eskolaz kanpoko jarduera baten moduan. Etapa horretan gorputzarekin harremana eraikitzen hasten da, eta indar-lana modu egoki eta gidatuan lantzeak segurtasuna, ohitura eta autoestimua garatzeko balio dezake. Ariketak nola egin ikastea, indarra modu osasuntsuan lantzea eta etorkizuneko lesioak prebenitzea izan daitezke talde horren oinarri nagusia.
Entrenamendua pertsona ezberdinen beharretara egokituz, zentroak osasuna, autonomia eta komunitatea uztartu ditu
Ideia horrek Sasoi Onen eredua ondo laburbiltzen du: entzun, egokitu eta zerbitzua behar zehatz batera eramatea. Hasiberrientzako taldeak, seniorrak, entrenamendu hibridoa… ez dira adar solteak; norabide bereko piezak dira. Segmentazio horrek zerbitzua hobetzen du, erabiltzaileen fidelizazioa indartzen du eta tokiko enpresa baten hazkundea modu jasangarriagoan ulertzeko aukera ematen du.
2021ean orduka alokatutako dantza lokal txiki batean eta 40 bezero ingururekin hasitako proiektua bi espazio espezializatuko eta 250 erabiltzaile inguruko komunitate bihurtu da. Zenbakiek hazkundea erakusten dute, baina Sasoi Onen istorioaren muina ez dago zenbakietan bakarrik. Entrenamendua pertsona ezberdinen beharretara egokituz, zentroak osasuna, autonomia eta komunitatea uztartu ditu; eta horixe bihurtu da bere negozio eredurik sendoena.
