SEA Arabako enpresen elkarteak urteko batzar orokorra egin du gaur Gasteizen, zeinetan lurraldeko enpresen garrantzia aldarrikatu duten, “ongizatearen eta enpleguaren motor” direla nabarmenduz. Nazioarteko testuinguru ziurgabean, Arabako konpainiek etengabeko aldaketen aurrean izandako egokitzeko gaitasuna ere izan dute hizpide gaurko bileran.
Juan Antonio Sanchez Corchero patronaleko presidenteak adierazi du “kostuen gorakada eta merkataritza tentsio handiko urte batean”, konpainiak gai izan direla egoera desberdinei aurre egiteko.
“Zerbitzu publiko, prestazio eta aurrerapen sozial bakoitzaren atzean, milaka enpresa daude egunero hori posible egiteko lanean", azpimarratu du.
Gauzak horrela, Arabako enpresa-eredua goraipatu du, “orekatua eta industriala” delako, besteak beste. Mercedes-Benzek Gasteizen bere ibilgailu elektrikoa ekoiztea ere izan du hizpide, uste baitu tokiko enpresa askori mesede egingo diela.
Testuinguru horretan, segurtasun juridikoa, fiskalitate lehiakorragoa, burokrazia murriztea eta enpresen jardueran konfiantza gehiago jartzea eskatu du SEAko buruak. "Enplegua sortzea, inbertsioak egitea eta aberastasuna sortzea ezin da inoiz penalizazio-arrazoi bihurtu”, esan du.
Arabako enpresen kezka nagusiei buruz ere mintzatu du. Bere hitzetan, absentismoa, profesional falta eta etxebizitza eskasia dira lurraldeko enpresariak gehien arduratzen dituena.
Azkenik, SEAren batzar nagusia baliatu dute Ernesto García Ozaeta enpresaburuaren ibilbidea aitortzeko. Garcia Ozaeta AVA Asociacion Vasca de Autonomos erakundeko presidentea da, besteak beste.