Pasahitzen Nazioarteko Egunaren aitzakiarekin, ZIUR Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zibersegurtasun zentroak ohartarazi du gehien erabiltzen diren 10 pasahitzak segundo baten baino gutxiagoan hackeatu ahal dituztela. Honako 10 gako hauei egin die erreferentzia ZIURrek, 2025eko txosten berrienen eta NordPass eta ESETen prospekzio lanak abiapuntu hartuta: admin; 123456; 12345678;123456789; 12345; password; 1234567890; 1111; Contraseña; eta qwerty123.
Halakoak ekiditeko, zenbait jardunbide egokitan jarri du fokua. Batetik, zerbitzu garrantzitsu bakoitzean pasahitza desberdina izatea, are gehiago eremu kritiko deritzonetan, hala nola posta elektronikoa edo bankuan. Bestetik, pasahitz luzeen alde egitea. Gakoa ez da hainbeste konplexuak izatea, baizik eta gogoratzeko errazak izanik ere deszifratzeko zailak diren esaldien alde egitea. Eta, noski, beti datu pertsonal nabarmenen erabilera ekiditea, baita ohikoak diren gakoak ere.
Entitateak esandakoaren arabera, pasahitzen kudeatzaileek ere lagun dezakete, eta horietako batzuen izenak ere eman ditu: Bitwarden (doakoa), 1Password (ordainpekoa) edo mugikorraren beraren kudeatzailea. Horrekin batera, bi urratseko aktibazioa egitea ere gakotzat jo du, baina ez partekatzea pasahitzak kanal ez-seguruen bitartez. "Ez da beharrezkoa arrazoirik gabe pasahitzak aldizka aldatzea, baina bai konpromiso-susmo baten aurrean edo segurtasun-arrakala baten ondoren", azpimarratu du Maria Penilla ZIURreko zuzendari nagusiak.