Nulab enpresa Iván Nieto iruindarrak sortu zuen, eta egun haren zuzendari orokorra da. CNTA elikagaien teknologia eta segurtasunerako zentrotik eratu zen, ikerkuntza eta garapen-lerro batean oinarrituta, nekazaritza-industriaren sektorearen erronka jakin bati erantzuna emateko: elikagaien kalitate eta segurtasunari buruzko informazioa denbora errealean edukitzeko beharra.
Nietok kontatutakoaren arabera, bertan askotariko teknologiak garatzen hasi ziren. "Gehienbat teknika espektroskopikoekin abiatu genuen lana, informazio hori berehala eskuratzea eta ziztu bizian erabakiak hartzea ahalbidetu zezakeelako”. Emaitza onak lortu zirela ikusita, hauek merkatura transferitzeko CNTAtik Nulab proiektua jarri zen martxan.
Nulab CNTA elikagaien teknologia eta segurtasunerako zentrotik eratu zen, ikerkuntza eta garapen-lerro batean oinarrituta
Izenak harremana dauka ikerketa-guneak parte hartzen duen beste konpainia batenarekin, Nucaps izenekoa, eta New laboratory laborategi berriaren kontzeptuari egin nahi dio erreferentzia.
Seigarren langilea aurki
Proiektuaren sustatzaileak Nieto bera eta haren lankide eta Nulabeko zuzendari tekniko María José Bengoechea dira. Azken hori “kimika ingeniaria eta CNTAko kalitate sentsorialeko laborategiko arduradun ohia da; beraz, bertatik bertara ezagutzen du Nulaben funtsa", adierazi du zuzendari nagusiak. Zehazki, analisi-metodo tradizionalen aurrean, zehaztasun tekniko eta legalak betetzen direla ziurtatzeko teknika alternatibo azkarrak eskaini nahi ditu.
Nietori dagokionez, negozio-garapenerako eta kudeaketarako lanetara "ondo moldatu" da. CNTAko Nazioarteko Negozio Garapeneko zuzendari ohia izanik, kargu horrekin filial bat ezarri zuen Perun. Gaur egun, orotara, bost pertsonek osatzen dute start-upa, eta “seigarren bat kontratatzeko prozesuan” daude.
Pixkanaka merkaturatu diren produktuak
Nulaben lehen teknologia lerroa NIR dispositibo eramangarria izan zen, 2021an merkaturatu zena. Horretarako Innova´t katalana eta Agrifood nafarrarekin egin zuten lan. “Landare-produktuen landako heltze-indizea zehazteko” dago pentsatuta. Teknologia formatu hori bera haragi-sektorerako ere erabili zuten, hestebete onduetan ur-jarduera atzematea ahalbidetzen zuena. Horrek balio izan zien “teknologia garatzen amaitzeko eta merkatura eramateko”.
Handik aurrera teknologia-eskaintza zabaldu egin zuten, prozesamenduko lineari loturiko soluzioekin. "Orain, patogenoak ordu batean baino gutxiagoan neurtu ditzaketen soluzio teknologikoak merkaturatzen gabiltza”, gehitu du zuzendari orokorrak.
Ivan Nieto: "Patogenoak ordu batean baino gutxiagoan neurtu ditzaketen soluzio teknologikoak merkaturatzen gabiltza”
Produktu horiek guztiak “pixkanaka” eskaintzen joan dira: “Teknologiaren garapenari lotutako ezagutza behar da, eta beren bidea daramaten produktuak dira”. Zuzendari nagusiak zehaztu duenez, “heldutasun teknologiko-maila baxuetatik abiatu ginen eta ezagupen hori azkeneko soluziora eraman behar zen: kontzeptu-proba egin, inguru industrial batera eraman eta behin betiko baldintza industrial batzuetan balioztatu”.
Horiez gain, beste produktu batzuen diseinuan ari dira lanean, hala nola teknologia bat ordubetetik behera behar duena ekoizpen-lerroetako patogenoak identifikatzeko. "Era horretan, gaur egungo teknologien erantzun denbora hobetu egiten dugu", kontatu du Nulabekoak. Erreferentzia-prozesuetatik bildutako datuetatik abiatuta, Nulabek “eredu matematikoak optimizatzen ditu, bezeroen zehaztapenetara egokitzeko moduan”, datu edo espektroekin identifikatutako korrelazio baten bidez.
Horrekin batera, Teknikerrekin “NIR dispositibo eramangarriaren garapena” landu dute. Zentro teknologikoak eskainitako hardwarea Nulabek “softwarearekin” osatu du, ekipoan integratu eta merkaturatuta. “Orain ezagutza hori transferitzeko fasean gaude”, gehitu du zuzendari nagusiak.
Zuzeneko salmenta
Nulaben negozio eredua, beraz, “teknologiaren salmentan” datza. Haien helburu den bezeroa “sektore agroindustriala” da, eta horren barnean, “zehazki, nekazaritzako elikagaien eraldaketa industria”. Zuzeneko salmenta egiten dute, hortaz.
Proiektuaren buru diren pertsonek “25 urte baino gehiago” daramatzate nekazaritza-industrian murgilduta. “Beraz, sektorea ongi ezagutzen dugu, eta horren ondorioz, garatu ditugun dispositiboen aplikazioen identifikazioa egiten dugu, bezeroak izan daitezkeen horiekin lan eginez”, ziurtatu du Nietok.
Proiektuaren buru diren pertsonek “25 urte baino gehiago” daramatzate nekazaritza-industrian murgilduta
Bidea, baina, ez dute bakarrik egin. Enpresak laguntza publikoak jaso ditu “gehienbat Nafarroako Gobernutik, ikerkuntza eta garapeneko eta beste tipologietako deialdietan”. Halakoek balio izan diete “merkaturatutako konponbideak diseinatzeko ezagupena garatzeko”.
Espainiako Gobernuko Industria eta Turismoko Ministerioaren "enpresa-talde berritzaileen hainbat deialditan" ere parte hartu dute, eta halakoak NIR gailu eramangarriaren garapenera eta egokitzapenera bideratu dituzte.
Hiru ardatzetan artikulatutako etorkizuna
Start-upak hiru zutabetan oinarritutako estrategia du. Lehena “dagoeneko garatutako soluzio teknologikoen eskalada industriala” da, “fabrikazioa efizienteagoa egiteko eta enpresa gehiagorengana iristeko”.
Bigarrena da bio lerroa garatzea, “patogenoak ahalik eta denbora laburrenean identifikatzeko alternatibak eskaintzeko”. Azkenik, kutsatzaileak (toxinak, pestizidak…) aurkitzeko teknologiak garatu nahi dituzte.