Berrogeitamar enpresa inguruk bat egin dute Renaulten lidergoa izango duen proiektu batekin, Ibilgailu Elektrikoa eta Konektatua Berreskuratzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoen (ESEPE) deialdira aurkeztu dena. Joan den ostiralean, ekainaren 3an itxi zen marko horretan laguntzak eskatzeko epea, zeinak Espainiako gobernuak martxan jarri duen Europako Next Generation funtsak bideratzeko. Dagoeneko ezaguna zen Irizarrek CAPITAL proiektua aurkeztu zuela, baita Fagor Ederlan, Gestamp edo Cie Automotive ere zenbait proiekturi lotuta zeudela. Badira, aldiz, beste bi euskal enpresa bat ESEPEra aurkeztutako beste proiektu batean parte hartzeko helburuarekin: Semantic Systems, eta Grupo Otua.
Semantic Systemsek Derion (Bizkaia) du egoitza, eta eraldaketa teknologiko industrialaren esparruan ari da lanean. Grupo Otua, berriz, Legution (Araban) dauden zortzi enpresek osatzen dute, eta birziklapenaren, distribuzioaren eta ikerketaren arloan egiten dute lan. Bi euskal enpresak Biolive izeneko egitasmoan arituko dira, eta txertatutako litioa berreskuratzeko tratamendu bat ikertu, aplikatu eta balioestea izango dute helburu. Prozesu hori jasangarri eta mundu mailan berritzailea izan dadin digitalizazio aurreratua eta adimentsua landuko dute. Izan ere, litioa ezinbesteko lehengaia da ibilgailuen baterietan, eta halako lanketak baterien garapenean eragina izan dezakete. Ekarpena balio kate guztiari egin nahi dio Biolivek.
Aipatutako egitasmoaz gain, Renaultek aurkeztutako proiektuak beste 30 ekimen hartzen ditu bere baitan. Hiru dira ardatzak: deskarbonizazioa, konektibitatea eta mugikortasuna zerbitzu gisa ulertuta. Sektore askotariko erakundeak arituko dira bertan lanean. Ibilbgailuen industriaren balio-kate guztiari egin nahi dio ekarpena.