Senerren administrazio kontseiluak idazkari berriaren izendapena onartu du. Gabriel Vera Artázcoz izango da kargua hartuko duena, taldean 16 urte egin ostean. Senerren esparru juridikoan aholkulari lanak egin ditu Verak — 2019tik Aeroespazioko eta Defentsako alorrean—, eta oro har esperientzia zabala du gobernu korporatiboaren, eta fusio, erosketa eta berregituratze aholkularitzaren esparruan.
Kargu berria hartuta, Veraren egitekoen artean izango dira administrazio kontseiluko presidentearen laguntzaile lanak, eta kontseiluaren funtzionamendu egokia bermatzekoak, eremu legalean duen ezagutza baliatuta. Era berean, taldearen negozio lerro nagusien idazkaritzaz arduratuko da, baita sozietateen betebehar sozietarioak gainbegiratzeaz ere. Gainera, fusio eta erosketei loturiko aholkularitza legala egiten jarraituko du.
Veraren ibilbidea Nafarroako Unibertsitatean hasi zen, non Zuzenbidean lizentziatu zen. Ondoren, Zuzendaritza Garapenerako programa egin zuen IESEn, eta kontseiluen gobernu korporatibo egokirako programa exekutiboa ere ikasi zuen Madrilgo Abokatuen Elkargoko formakuntza zentroan. Garriguesen zuzenbide merkantilean lan egin ostean, 2010ean iritsi zen Senerrera, lehenik energia eta azpiegitura proiektuen kontratazioko aholkularitza juridikoan aritzeko, eta ostera Aeroespazio eta Defentsari loturikora salto egiteko. Azken honetan, taldeko hainbat enpresen berregituratzean parte hartu du, tartean Tryo (2018), Tactix (2022), Quark (2023) eta SCR (2024).