Senerrek 933 milioi euroren diru-sarrerak izan zituen 2025ean, urtebete lehenago baino %31,4 gehiago, eta 1.912 milioi euroko balioa duen eskari zorroa du (2024an baino %23,8 handiagoa). Iaz, 121,5 milioi euroko ebitda izan zuen eta 27,8 milioi euroko inbertsioa egin zuen berrikuntzan.
Senerrek ohar bidez azaldu du taldeko dibisio guztiek bilakaera “positiboa” izan dutela. Besteak beste, mugikortasunean, sektore aerospazialean, defentsan edota energian dihardu konpainiak, eta Quark izeneko filiala ere badu, datu zentroen diseinuan espezializatuta dagoena.
4.500 langile baino gehiago ditu Senerrek, eta gehienek nazioartean egiten dute lan. Taldeak salmenta guztien %88 nazioartean egiten ditu, eta Espainiaz gain, Kanada, Australia, AEB eta Alemania izan dira azken urteko merkatu garrantzitsuenak.
Era berean, Sener Zamudioko lantegia handitzen ari da, baita Madrilen (Tres Cantos auzoan) duen fabrika ere, eta azaldu du horrek aukera emango diola defentsa sektoreko jarduera handitzeko.
Jorge Sendagorta Senerreko zuzendari orokorrak adierazi du 2025eko emaitzek taldearen “sendotasuna” erakusten dutela, baita “teknologia maila altuko soluzioak eskaintzeko gaitasuna” ere.