Senerrek lantegi berria irekiko du Zamudion

Sektore aeroespazialera bideratutako planta izango da, eta 25 milioi euroko inbertsioa egingo du taldeak

Gaurko ekitaldiko une bat | Argazkia: Irekia
Gaurko ekitaldiko une bat | Argazkia: Irekia
2023eko urriaren 30a
Eg. 2023eko urriaren 30a

Sener teknologia eta ingeniaritza konpainiak lantegi berria irekiko du Zamudion. Lehen harria jartzeko ekitaldia egin dute gaur, eta bertan izan dira Andres Sendagorta taldeko zuzendaria eta Iñigo Urkullu lehendakaria, besteak beste. Merkatu aeroespazialera zuzendutako planta izango da, eta 25 milioi euroko inbertsioa ekarriko du.

 

30.000 metro karratuko azalera duen espazioa erosi du Senerrek, eta hasiera batean, 8.000 metro karratu eraikitzea aurreikusten dute. Abenduan hasiko dira planta eraikitzen, eta 2025 amaierarako bukatzea da aurreikuspena.

Industria ekoizpenerako eta ingeniaritza zerbitzuetarako zentroa egin nahi dute. Taldeak jakinarazi duenez, egun sektore aeroespaziala Senerren fakturazioaren %25-%30 da, eta datozen bost urteetan, urtero %15eko hazkundea izatea espero dute.

 

Sendagortak adierazi duenez, egoitza nagusia hemen edukitzeaz gain, taldeak “Euskadirekin beti eduki du konpromisoa”. Hala, defentsa eta aeroespazioaren merkatua “bizkor” hazten ari denez, “instalakuntza berriak beharrezkoak” dira. “Aukera bat baino gehiago aztertu dugu, baina Zamudioko Parke Teknologikoaren alde egin dugu azkenean”, adierazi du.