• ENPRESAK GAUR
  • Adinekoen bizi-kalitatea hobetuko duten elikagaien bila arituko dira Senifood proiektuan

Adinekoen bizi-kalitatea hobetuko duten elikagaien bila arituko dira Senifood proiektuan

Elikagaien sektorea, soziosanitarioa eta teknologikoa elkartu dira, eta Jaurlaritzaren babesa ere jaso dute

Senifood proiektuko kideak | Argazkia: Senifood
Senifood proiektuko kideak | Argazkia: Senifood
2025eko abenduaren 3a - 15:11

Osasunari eta ongizateari gero eta garrantzia gehiago ematen zaiola dirudi. Seafood proiektu berriaren helburua hori da, behintzat: adinekoen ongizatea hobetzea, horretarako elikagai bereziak garatuta. Hiru sektoretako eragile eta enpresak bildu dira ekimena aurrera eramateko, Eusko Jaurlaritzaren Hazitek 2025 programaz baliatuta proiektua finantzatzeko.

 

Zehazki, elikagaien sektoreak, soziosanitarioak eta teknologikoak egin dute bat ekimen berrian. Izan ere, plater prestatuen sukaldaritzan espezializatzen den Ausolan Taldea da buru, eta Eroskik, esnekiak prestatzen dituen Vascolacek, adinekoen arretan zentratutako DomusVikek, Tecnalia ikerketa zentroak eta Basque Food Cluster elkarteak parte hartzen dute. Eragile guzti horien artean “osasun kognitiboan eta mentalean eragina duten mantenugaiak, konposatu aktiboak eta osagaiak” ikertuko dituzte, eta, hala, adinekoen beharretara egokitutako elikagaiak sortzean jarriko dute fokua.

Senifood proiektuko kideek jakinarazi dutenez, egitasmo berriaren bitartez espero dute aurrerapenak egitea “zahartzeari eta narriadura kognitiboaren prebentzioari buruzko ezagutzan”, baita adinekoen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten “dieta pertsonalizatuak garatzea” ere.