• ENPRESAK GAUR
  • Sentsore kuantikoak garatzeko aliantza ondu dute Tecnaliak eta QUBIZ.team 'start-up'ak

Sentsore kuantikoak garatzeko aliantza ondu dute Tecnaliak eta QUBIZ.team 'start-up'ak

Laborategiko sentsorika kuantikoaren merkaturako jauzia "bizkortzea" dute helburu bi erakundeek

Argazkia: VK
Argazkia: VK
2026eko urtarrilaren 7a - 12:35

Tecnalia ikerketa zentroak eta QUBIZ.team start-up teknologiko bilbotarrak akordio bat sinatu dute sentsore kuantiko “sendo eta trazagarrien” garapena bultzatzeko. Industria-ingurune errealetan jarduteko prestatuta egongo den sentsorika kuantikoa garatu nahi dute bi erakundeek, eta helburu dute "laborategiko sentsorika kuantikoaren merkaturako jauzia bizkortzea", eta horrek eragin zuzena izatea efizientzian, segurtasunean eta kalitatean.

 

QUBIZ.team sentsorika kuantikoko eta metrologia aurreratuko deeptech aitzindaria da, eta sentsore kuantiko ultrasentikorretan oinarritutako gailuak garatzen ditu, eremu magnetikoen, presioaren eta tenperaturaren aldaketa txikienak ere hautemateko gai direnak. Halaber, Aliantza Tecnaliaren Quantum Tech Lab laborategian oinarrituko da. Espazio hori aitzindaria da sentsore kuantikoak diseinatzen eta fabrikatzen, eta erreferentzia da Europan, Tecnaliaren arabera.

Ikerketa zentroak jakinarazi duenez, garatuko dituzten sentsore kuantikoak giltzarri izango dira aplikazio berrietan aurrera egiteko, hala nola osasungintzan, farmakoen garapenean, eta industrian, material berrien diseinuan. “Azpiegitura berritzaile horiekin jauzi bat egin dugu baldintza errealetan erabil daitezkeen sentsore kuantikoen I+Gan. QUBIZ.team-ekin, jauzi hori industria-balio neurgarri bihurtzen da”, adierazi du Joseba Laka Tecnaliako Unitate Digitaleko zuzendariak.

 

Jorge de la Herrán y Crespo QUBIZ.teamen fundatzaile eta presidenteak nabarmendu duenez, "industrian erabili ahal izateko gaitasun horren berme da QUBIZ.team-ek Europa mailan gero eta parte-hartze handiagoa izatea sentsorika eta metrologia kuantikoaren erreferentzia gisa”.

Bi erakundeen arteko aliantza Biquain Bizkaia Quantum Advanced Industries estrategiaren barruan dago, zeinaren bidez Bizkaiko Foru Aldundiak teknologia kuantikoen aldeko apustua egin nahi duen.