• ENPRESAK GAUR
  • SEPI prest agertu da Tubos Reunidosen zorra itzultzeko baldintzak malgutzeko

SEPI prest agertu da Tubos Reunidosen zorra itzultzeko baldintzak malgutzeko

Tubos Reunidosen balizko erosleek ez dute SEPIren zorra beren gain hartu nahi

Argazkia: Tubos Reunidos
Argazkia: Tubos Reunidos
2026ko urriaren 26a - 16:23
Eg. 2026ko urriaren 26a - 16:24

SEPI Espainiako Industria Partaidetzen Estatuko Sozietatea prest agertu da Tubos Reunidosen 150 milioi euroko zorra malgutzeko aukerak aztertzeko. Besteak beste, SEPIk planteatu duena da finantzaketa publikoa itzultzeko egutegia eta kredituaren baldintzak berrikustea, enpresaren etorkizunerako irtenbide bideragarri bat lortzeko asmoz. Horretarako, hartzekodunen konkurtsoa kudeatzen duen administrazioarekin eta erosle izan daitezkeen inbertitzaileekin negoziatzeko prestutasuna erakutsi du erakundeak, betiere indarrean dagoen araudia errespetatzen bada.

 

Amurrioko (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) lantegiak dituen enpresa hartzekodunen konkurtsoan dago, 300 milioi euro inguruko zorra duelarik. Horietatik 150 milioi inguru dagozkio SEPIren finantzaketari, 2021ean emandako 112,8 milioi euroko maileguaren eta ordutik pilatutako interesen ondorioz. Diru hori Enpresa Estrategikoen Kaudimenari Laguntzeko Funtsaren (FASEE) bidez eman zioten Tubos Reunidosi, pandemiaren eraginak pairatu zituzten enpresa estrategikoei laguntzeko sortutako tresnaren bidez, hain zuzen ere. 

Zenbait enpresek erakutsi zuten konpainia erosteko asmoa, baina horietatik soilik bost igaro ziren hurrengo fasera. Bost aukeretatik bakar batek ere ez du SEPIrekiko zorra barkatzea eskatu; haien eskaera da erosten dituzten ekoizpen-unitateek ez hartzea bere gain 150 milioi euroko zorra.

 

Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Mikel Jauregik ere adierazi du inbertitzaileak kezkatuta daudela zor horrekin, eskaintzak aurkeztu zituztenean ez baitzuten aurreikusten 150 milioi euroko betebehar hori izango zutenik. Hala, Jauregik iragarri du SEPIrekin hitz egingo duela baldintzak malgutzeko aukera aztertzeko. Erakunde publikoak, bere aldetik, beste enpresa batzuekin ere finantzaketaren itzulketa-baldintzak malgutzeko formulak aztertu dituela azaldu du. Oraingoz, ordea, ez dago Tubos Reunidosen zorrari buruzko behin betiko akordiorik.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain