• ENPRESAK GAUR
  • Sidenor buru duen patzuergoak Talgo erosteko operazioa itxi du, 156 milioi euroren truke

Sidenor buru duen patzuergoak Talgo erosteko operazioa itxi du, 156 milioi euroren truke

Sidenorrek, Jaurlaritzak eta BBK Fundazioak kapitalaren %8,5 eskuratuko dute; Vital Fundazioak, berriz, %4,2

Talgo | Argazkia: Europa Press / Ricardo Rubio
Talgo | Argazkia: Europa Press / Ricardo Rubio
2025eko azaroaren 7a - 12:23

Hainbat hilabetez luzatu den afera amaierara hurbiltzen ari dela dirudi, Sidenor buru duen patzuergoak Talgo tren fabrikatzailearen %29,7a bereganatzea lortu baitu, 156,7 milioi euroren truke. Datorren urtarrilaren 31era arteko epea izango patzuergoak erosketa burutzeko, eta behin hori jakinda, CNMV Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak Talgoren kotizazioa aldi baterako eten du.

 

Sidenorrez gain, BBK, Vital Kutxa eta Eusko Jaurlaritzak (Finkatuz funtsaren bidez) osatzen duten patzuergoak Trilantic funtsaren jabetzapean zegoen zatia eskuratu du, Pegaso taldearekin eta beste azkiodun batzuekin akordioa lortuta. Pegasok Talgoren ia 34 milioi akzio salduko ditu eta beste akziodun minoritarioek 3 milioi titulu baino gehiago. Sidenorrek (Clerbilen bidez), Finkatuzek eta BBK Fundazioak kapitalaren %8,5 eskuratuko dute; Vital Fundazioak, berriz, %4,2. Guztira, Talgoren 36,8 milioi akzioaren jabe egingo dira. Akzioko 4,25 euro ordainduko dituzte inbertsiogileek, aurtengo otsailean adostutakoa baino hamar zentimo garestiago.

Azken hilabeteotan Talgoren jabetza aldatzea zaila izan da. Besteak beste, Renfek 116 milioiko isuna ezarri zion tren fabrikatzaileari (abiadura handiko 30 tren berandu entregatzeagatik) eta 400 milioi euroko zorra ere bazuen Talgok. Bada, eragiketan zenbait baldintza adostu dituzte: partzuergoko kideren batek bere akzioak 4,25 eurotik gorako zenbatekoan saltzen baditu operazioa itxi ondorengo bi urteetan, saltzaileei diferentziaren zati bat ordaindu beharko die.

 

Halaber, akzioen saltzaileek konpromisoa hartu dute 2026ko martxoaren 15era arte akzio berririk ez erosteko eta Talgoko Administrazio Kontseiluan kontseilariak izendatzeko eskubidea ez baliatzeko.

Ezohiko batzarraren txanda

Sidenorrek ohar bidez adierazi du prozesuko hurrengo urratsa Talgoren akziodunen ezohiko batzar orokorra deitzea izango dela. Batzar horrek konpainiaren finantzaketa-egitura berria onartu beharko du, ezinbestekoa baita akzioak behin betiko eskualdatzeko.

"Talgok etorkizuneko proiektu sendo batekin eta osagai industrial eta teknologiko indartsu batekin hasiko du etapa berri hau, abiadura handiko trenbide-sektorearen hazkunde handiko une batean", dio Sidenorrek oharrean.

Orain, urtarrilaren 31ra arte, prozesuan adostutako beste baldintza batzuk bete beharko dira, hala nola Espainiako Estatuak 75 milioi euro eman behar ditu SEPIren eta Ogasun Ministerioaren bidez. 45 milioi eurotan banatuta kapital handitze bat eta 30 milioitan akzio bihur daitekeen mailegu bat baliatuko ditu horretarako.