Francisco de Jorge Auzitegi Nazionaleko epaileak ikerketa ireki du Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidentearen aurka, kontrabando delitua eta gizateriaren aurkako krimenetan edo genozidioan konplize izatea egotzita. Israel Military Industries (IMSI) enpresari, armamentu astun eta arina egiten duenari, altzairua baimenik gabe saldu izana da auziaren muina.
Epaitegiaren arabera, konpainiako beste bi zuzendari ere ikertzen ari dira, materialaren helmuga eta erabilera zein izango ziren bazekitela iritzita. Informazioaren Komisaria Nagusiak irailaren 10ean egindako txosten baten arabera, salmenta gobernuaren baimenik eta erregistro ofizialik gabe egingo zen.
Gazako erasoekin lotutako gertaerak “jabetza publikokoak” direla defendatu du magistratuak, hedabideek zabaldutako informazioetan, Nazioarteko Zigor Auzitegiaren kalifikazioetan eta NBEren eta UNRWA agentziaren salaketetan oinarrituta. Gainera, iClerbil SL sozietateari ere leporatu zaizkio gertaerak, Sidenor Holdings Europako administratzaile bakarra baita.
Sidenorrek ohar bitartez jakinarazi duenaren arabera, bere abokatuen esku dago gaia, eta haien argibideak jarraituko dituzte epaileari erantzun asmoz, "geure esku dugun informazio guztia eskainita". Halaber, gogorarazi du joan den uztailaren 1ean jakinarazi zuela Israelekin dituen harreman komertzial guztiak etengo zituela, Espainiako Gobernuak apirilean harturiko erabakiari jarraiki.
Bere aldetik, ELA sindikatuak “aparteko larritasuntzat” jo ditu ikertutako gertaerak, eta “gardentasun handiena” eskatu die Sidenorreko presidenteari eta haren zuzendaritzari. Sindikatukoek mahaigaineratu dute Sidenorrek harremanak bertan behera utzi aurretik publikoki salatu zutela, ESK, LAB eta BDZ plataformarekin batera, enpresak Israelgo Estatuarekin salerosketak egiten zituela.
Halaber, Euskal Herriko enpresa eta erakundeek Israelgo Estatuarekin edozein harreman hautsi dezaten lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du ELAk, Israel herri palestinarraren genozidioaren erantzuletzat jotzen baitu, eta “giza eskubideen aldeko konpromisoa duten eta pertsonen eskubideen aurka doazen zuzendaritzen erabakien aurrean planto egiteko gai diren sindikatuen beharra” azpimarratu du.
Oraingoz, epaileak Sidenor Aceros Especiales SLU pertsona juridiko ikertu gisa baztertu du, eta langileen jokabidea nabarmendu du, ustezko irregulartasunak salatzen lagundu baitute. Auzitegiak 2019/1937 Europako Zuzentaraua eta informatzaileak babesteko Espainiako legea aplikatzen ditu puntu horretan, gertakariez ohartarazi dutenak babesteko.
Sumarioari sekretua altxatu ostean, epaileak Jainaga eta zuzendaritzako beste bi kideak deklaratzera deitu ditu azaroaren 12an. Kataluniako Comunitat Palestina de Catalunya–Terra Santa elkarteak aurkeztutako kereila baten ondorioz hasi zen prozedura.