Sidenorrek interesa adierazi du Trilanticek Talgon duen %29,9ko partaidetza erosteko. Aurreko astean egin zion eskaintza Talgoren akzioduna denari. Duela hilabete Jose Antonio Jainaga Sidenorren jabeak azaldu zuen taldeak asmoa zuela Talgoren kapital sozialaren zati bat erosteko, eta negoziazioetan aurrerapausoak ematen jarraitzea du helburu azken erosketa honekin. Eskaintzaren zenbatekoa zehaztugabe egon arren, El Correo egunkarian esan dute eskaintza 150 milioi eurokoa dela, eta, Sdenorrek adierazi duenez, Talgok burtsan duen balioaren (3,38) gainetik dago.
Egun, Pegaso sozietatea da tren fabrikatzailearen akziodun handiena. Hura osatzen dute Trilantic funtsak, Abelló familiak eta Oriol familiako kide batzuek (Talgoren sortzaileak). Jainagaren konpainiaren finantza aholkulari gisa ari dira lanean Alantra enpresakoak prozesu osoan zehar.
Oscar Puente Espainiako garraio ministroak duela egun batzuk azaldu zuen haiek salerosketan laguntzeko prest zeudela; pasa den hilabetean Imanol Pradales lehendakariak ere Eusko Jaurlaritzaren laguntza baieztatu zuen.