
Siemens Gamesak urte fiskalaren erdia itxi du martxoan, 2024ko urrian hasi baitzen taldearen ekitaldia. Sei hilabeteetan zehar 932 milioi euroko galerak izan ditu, hau da, aurreko urteko zifra bikoiztu du (428 milioi euro). Hala ere, %17,6 irabazi gehiago izan ditu konpainiak, 5.124 milioi eurorekin, eta eskariak ere %35,4 handitu dira, 3.311 milioi eurora iritsita.
Lehen hiruhileko fiskalean Siemens Gamesak 510 milioi euroko galerak izan zituen, aurreko ekitaldian baino %41,5 gehiago. Irabaziak ere negatiboan jarraitu zuten arren, enpresaren arabera hobera egin zuten zifrek, batik bat “offshore” negozioaren “etengabeko hazkundeari esker”.
Datu horiek kontuan izanik, Gamesaren nagusi den Siemens Energy enpresak ekitaldirako aurreikuspenak berrikusi ditu, konpainia espero baino errendimendu hobea edukitzen ari delako. Aurrez, %8 eta %10 bitarteko hazkundea espero zuten etekinetan, eta ehuneko hori %13tik %15 bitartera igo dute. Irabazi garbiak 1.000 milioi eurokoak izatea ere aurreikusi dute. Merkatuko egungo aukeretan konfiantza dutela adierazi du Christian Bruch Siemens Energyko presidente eta zuzendari exekutiboak.