• ENPRESAK GAUR
  • Siemens Gamesari bikoiztu egin zaizkio galerak hiru hilean, 884 milioi euroraino

Siemens Gamesari bikoiztu egin zaizkio galerak hiru hilean, 884 milioi euroraino

Taldearen arabera, instalatutako haize errotek dituzten hutsegiteen ondorioz lortu dituzte emaitza txarrak. Hala ere, egindako salmentak %9,8 igo dira

Argazkia: Siemens Gamesa
Argazkia: Siemens Gamesa
2023ko otsailaren 2a - 12:38

Siemens Gamesak 884 milioi euroko galera garbiak izan zituen lehen hiruhileko fiskalean (2022ko urritik abendura), eta, beraz, aurreko urteko epe berean lortutako 403 milioi euroko emaitza negatiboa bikoiztu egin du, konpainiak ostegun honetan jakitera eman duenez.

 

Taldearen arabera, jada instalatutako haize errotak berraztertzen ari dira, zenbait osagaitan hutsegiteak antzeman dituztelako. Ondorioz, hasieran kalkulatutakoa baino diru gehiago bideratu behar izan dute mantentze lanetara, eta horrek 472 milioi euroko eragina izan du ustiapenaren emaitza garbietan. Siemens Gamesak ziurtatu du jada arintze neurriak ezartzen ari dela etorkizuneko inpaktuak ahalik eta gehien murrizteko.

"Gure zerbitzu-banaketari eragiten dion ebaluazio negatiboak erakusten du lan handia dugula aurretik gure negozioa egonkortzeko eta errentagarritasunera itzultzeko. Hala ere, gure Mistral programari esker, eta nahiz eta testuinguru makroekonomiko eta geopolitiko oso zaila izan, beste arlo batzuetan aurrerapausoak lortu ditugu ", azpimarratu du Jochen Eickholt Siemens Gamesako arduradunak.

Izan ere, 2022ko urria eta abendua bitartean, Siemens Gamesaren salmentak 2.008 milioi eurora iritsi ziren, urtebetean %9,8 igota, eta "aurrerapausoak eman ditu kalitatean, garapen teknologikoan, fabrikazio-bolumenean, instalazioan eta entrega-denboran”, nabarmendu du enpresak. Hala, azpimarratu du eskaera berriek inflazioaren, produktu-kostuen aldakortasunaren eta disrupzio logistikoen aurrean iraganean sinatutakoak baino "askoz ere babes handiagoa" dutela.

Berregituraketan ere aurrera egin du taldeak, eta Espainiako sindikatuekin aurreakordio batera iritsi da. Gauzak horrela, Siemens Gamesak "kostuen sinergia garrantzitsuak" lortzea espero du, Siemens Energyn integratu ahal izateko.

Gainera, taldeak azaldu duenez, 2023ko ekitaldi fiskalaren hasiera, datozen hamar urteetarako munduko energia eolikoaren eskariaren aurreikuspenen gorakada berri batek markatu du. Hala ere, uste du gobernuen aldetik ekintza gehigarriak behar direla helburu klimatiko "handinahien" eta gaur egungo instalazio-zifren arteko desoreka murrizteko.

2022ko abenduaren 31n, Siemens Gamesaren finantza-zor garbia 1.925 milioi eurokoa izan zen. Bere zerga-ekitaldiko lehen hiruhilekoan, Siemens Gamesak 1.609 milioi euroko eskaera berriak sinatu zituen, aurreko urteko aldi berean baino %35 gutxiago. Eskaera-zorroa 33.698 milioi eurotan itxi zuen 2022an.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain