Tubos Reunidoseko langileek protesta egin dute gaur goizean Bilbon eta Sabino Arana etorbidea moztu dute. Euskalduna Jauregiaren kanpoaldean ere izan dira, bertan BBVA batzarra egiten ari zen, eta BBVA, zuen dirua, gure zorra zioen pankarta batekin hainbat aldarrikapen egin dituzte.
Tubos Reunidoseko beharginek gezurtatu egin dute aste honetan enpresak burutu dituen kaleratzeak “borondatezkoak” direnik. Izan ere, egunotan enpresaren zuzendaritzak adierazi du 301 langile baino gehiagok eman dutela izena lanpostua uzteko, zuzendaritza beraren baldintzak onartuta. Sindikatuek ere gezurtatu egin dute hori.
LABeko ordezkari Oier Bidaurratzagak eta ELAko Zuriñe Mirandak, enpresa batzordearen gehiengoaren izenean, adierazi dute “presio, manipulazio eta desinformazio kanpaina larria” egin duela zuzendaritzak. Argitu dutenez, kaleratzeak onartu dituzten behin-behineko langileak 75 bat dira. ESK sindikatuak ere zuzendaritzaren "xantaia eta manipulazioa" salatu ditu.
Sindikatuen arabera, enpresak ohartarazi die enplegu erregulazioaren aurkako helegitea aurkeztuz gero ez direla errespetatuko kaleratzeetarako adostutako baldintzak. Era berean, zuzendaritzak “benetako eztabaida” desbideratu nahi duela diote sindikatuek.