• ENPRESAK GAUR
  • Soralucek fidagarritasun eta zehaztasun handiagoa eskainiko duen gama berria aurkeztu du

Soralucek fidagarritasun eta zehaztasun handiagoa eskainiko duen gama berria aurkeztu du

Mekanizazio behar desberdinetara egokitzen diren soluzio amaigabeak eskaintzen ditu

Soraluceren makinetako bat | Argazkia: Soraluce
Soraluceren makinetako bat | Argazkia: Soraluce
2023eko apirilaren 12a

Soralucek Performance Line izeneko gama berria aurkeztu du, berritzaileak diren produktuz osatua. Hiru makina sorta desberdin osatu ditu, hiru arkitektura desberdinekin, baina guztiak egitura modular amankomun batean oinarrituta.

Gama horietako bakoitzak hainbat modelo eta konfigurazio biltzen ditu, eta, ondorioz, lan ingurune desberdinetarako konfigura daitezkeen makinak dira. Elementu nagusiak partekatzen dituzten hiru gama dira, hala nola, zutabea edota kontsola, eta diseinu modularraren printzipioan oinarrituta eraiki dira. Horri esker, oso fidagarriak direla azaldu du enpresak, zerbitzu erraztasuna dutelako eta malguak ere badirelako soluzioak diseinatzerako orduan.

 

Gama berriak Soraluceren gama astuneko makinen diseinu printzipio berberak ditu, Soraluce Winning Combination gamarenak. Honek merkatuko irtenbiderik zurrun eta dinamikoenak eskaintzen dituela dio enpresak, galdaketa makinaren egitura, gidatze lineala, eta moteltze aktibo/pasiboko teknologia konbinatuz.

Halaber, Performance lerroak fresatzeko buru sorta zabala eskaintzen du, errendimendu handiko biraketa automatikoko buru mekanikoak direnak, biraketa handiekin eta zehaztasun handiarekin. Uraren bidez hoztuta daude, buruaren egonkortasun maximoa eta doitasun emaitzak lortzeko.

Indexazio desberdinak dituzten buru unibertsalak izan ditzake: 2,5º x 2,5º/1º x 2,5º/0,001º x 0,001º; diseinu trinkoko buru ortogonalak, 1.x1. indexazioarekin eta makinaren ibilbideen aprobetxamendu handienarekin. Gainera, fresatzeko, torneatzeko eta artezteko gaitasuna duten funtzio anitzeko bertsioetarako, Soralucek barnean diseinatu eta fabrikatzen ditu pare altuko funtzio anitzeko buruak. Eta abiadura handiko buru bertikalak, abiadura handiko posizionamendu jarraituko buru bertikalak (pare motorra, C ardatza) eta elektrohusiluko osagarridun indexatze automatikoko buru unibertsalak integra ditzake, lau edo bost ardatzeko mekanizazio jarraiturako.

Performance Line gamak 24"-ko ukipen pantailak eta lanerako espazio handiagoa ditu, ergonomia eta erabiltzaileek makinarekin duten elkarreragina indartzeko. 640 estandarraz gain, Heidenhain TNC7 berria ere bere interfaze berriarekin ekipa dezake, langileak kontrolean erraztasun handiagoa izan dezan.

 

Gamak Smart HMI ere badauka, interfaze adimendun eta intuitiboa, CN programa paraleloan gauzatzeko lan eremua kudeatzeko aukera ematen duena. Horrek makina bezeroaren ERPra konektatzeko edo energia kontsumoa monitorizatzeko aukera ematen duten app-ak garatzeko eremua ere badu.