• ENPRESAK GAUR
  • Sparta, Lizarrako herri-gimnasiotik kate erraldoi bilakatzera

Sparta, Lizarrako herri-gimnasiotik kate erraldoi bilakatzera

Enpresa nafarrak 12 milioi euroko fakturazioa espero du urte amaierarako. 26 gimnasio eta 300 bat langile izango ditu. Lehen zentroa 2015ean ireki zuten Lizarran

2015az geroztik, 20 gimnasio baino gehiago zabaldu ditu Sparta markak | Argazkia: utzita
2015az geroztik, 20 gimnasio baino gehiago zabaldu ditu Sparta markak | Argazkia: utzita
Imagen 122
Kazetaria
2025eko urriaren 12a - 05:30
Eg. 2025eko urriaren 13a - 14:30

Bere burua “oso kirolaritzat” du Oscar Vergara lizarratarrak. Eraikuntzan hasi zuen bere lan-ibilbidea, arkitektura teknikoa ikasi eta gero. Ondoren, lehen eta bigarren mailako ikasleentzako klase partikularretako akademia baten bultzatzaile izan zen. Horretan zebilela, txirrindularitzarekiko zuen pasioa tarteko, lagun batek proposatu zion spinning monitorea izatea herriko Sparta gimnasioan. 2014 amaiera zen, eta diru-galeren ondorioz, ixtear zen kirol espazio hura, besteak beste, bazkide gutxi zituelako. Tokia oso gogoko zuen Vergarak, eta itxiera saihesteko ahaleginean, negozioa eta lokala erosi zituen 2015eko urtarrilean.

 

Bere hitzetan, ez zeukan ideiarik ere non sartzen zen, baina hori ez zuen arazo bezala ikusi. Izan ere, bere burua “aurrera botatako eta ekintza azkarreko pertsonatzat” ikusi du betidanik.

Hasteko, lekuaren izena Gimnasio Spartatik Sparta Sport Centerera aldatu zuen, “ingelesezko izena izanik itxura modernoagoa ematearren”. Logoarentzat beste letra bat hautatu zuen, “erakargarriagoa izan zedin”. Lokalaren itxura eta makinak ere aldatu zituen, bezero gehiago erakartzeko asmoz. Ondoren, akademia saldu eta gune berri bat irekitzea pentsatu zuen.

 

Vergarak dio “autodidakta” izan dela eta bere kabuz ikasi behar izan zuela negozioa kudeatzen. Egunerokoan agertzen ziren zailtasunei “ekitearen eta praktikaren bidez” aurre egiten jakin izan zuen.

2014 amaiera zen eta diru-galeren ondorioz, ixtear zen kirol espazio hura, bazkide gutxi baitzituen, besteak beste. Gimnasio hura oso gogoko zuen Vergarak, eta itxiera saihesteko ahaleginean, lokala erosi zuen

Spartaren bereizgarri nagusienetakoa da “ordutegi oso zabala” daukatela, goizeko seietatik gaueko hamabitara, urte osoan zehar. Horrez gain, “gidatutako klase pertsonalak” eskaintzen dituzte, inoiz ez birtualak. Klase horiek emateaz “entrenatzaile eta nutrizionista pertsonalak” arduratzen dira.

1(1)
Sparta gimnasio baten barrukualdea | Argazkia: utzita

Negozioaren hedapen geografikoa

Lizarrako gimnasioaren jabetza bere gain hartu eta bi urte eta erdira, Vergarak bi zentro berri ireki zituen, bata Iruñean eta bestea Donostian. Horren ondoren, beste hainbeste zentro zabaldu zituen, besteak beste, Tuteran, Zizurren, Irunen edota Zarautzen, baita Espainiaren ere: Jacan, Oviedon, Logroñon, Santanderren, Sorian, Cuencan, Guadalajaran, Zamoran, Burgosen edota Palencian. “Zentro guzti horien harrera oso ona izan da eta horrek aukera eman dit Spartaren negozioaren kudeaketa are gehiago hobetzeko”, ziurtatu du lizarratarrak.

Nafarroako hiriburuan ezarritako lehen gunea Yamaguchi parkearen ondoan dago, eta 200.000 eta 250.000 euro inguruko inbertsioarekin erreformatu eta ireki zen, hasierako 1.500 metro karratuei beste 500 erantsita. Gune horri beste bi gehitu zaizkio Iruñean: bat Lizarra kaleko hamargarren zenbakian, El Corte Ingles saltokiaren alboan, 900.000 euroko inbertsioa eginda; eta, bigarrena, Itaroa merkataritza-gunean, zeinak 1,2 milioi euroko inbertsio ekarri zuen.

Aurreko urtean, Spartaren fakturazioa bederatzi milioi eurokoa izan zen. Aurten, aldiz, hamabi milioikoa izatea espero da

Orotara, Spartak hogeita lau gimnasio ditu egun. Beste bi espazio berri eraikitzen ari dira eta aurreikusten dute aurten irekiko direla: bat Euskal Herrian izango da, Durangon, abenduaren 20rako zabaltzea aurreikusten du Vergarak. Bestea Espainian irekiko dute, Alacanteko Alcoi hirian.

Espazio horiek guztiak Iruñeko bulego zentralaren bidez koordinatzen dituzte. Dena den, espazio guztiak egituran eta eskaintzen dituzten zerbitzuetan “oso homogeneoak” direla gogoratu du lizarratarrak.

Aurreko urtean, Spartaren fakturazioa bederatzi milioi eurokoa izan zen. Aurten, aldiz, hamabi milioikoa izatea espero da (%33 gehiago). Vergararen hitzetan, hazkunde hori, hain zuzen, “gune berrien irekierarengatik" izan da.

10a(1)
Sparta gimnasio baten kanpoaldea | Argazkia: utzita

Lantaldearen hazkundea

Gimnasio berriak zabaltzeak lantaldearen hazkundea ekarri dio Spartari. 2023an, 150 langile izatetik 170 izatera igaro zen, eta 2025 amaitzerako 300 ingurura ailegatzea espero dute. Hala ere, kopuru hori urteko garaiaren arabera aldatzen doa.

Vergarak kontratatutako langileen laguntza azpimarratu du, hasieran, bera arduratzen baitzen gimnasioaren eginkizunen zati handi batez: harrera, monitore lanak, garbiketa, administrazioa… Garai hartan egitura gutxienekoa zen, langile gutxi zeuden eta soberakinik ez.

2023an, 150 langile izatetik 170 izatera igaro zen, eta 2025 amaitzerako 300 ingurura ailegatzea espero dute

Denborak aurrera egin ahala, ordea, zeregin horiek langileen esku uzten joan da, batez ere monitore lanak eta harrerarekin zerikusia dutenak, eta, azken urteetan, “kudeaketaz” arduratu da gehienbat. 

Gimnasio katearen jabe eta sortzaileak “urtero bost gune berri irekitzeko helburua” ezarri dio bere buruari. Hala ere, xede hori inolako “pretentsiorik gabe” lortu nahi du, eta “ez denbora finko batean”, Spartaren hazkundea "organikoa" izatea nahi baitu.