Sprilur ofizialki Azpilur bihurtu da

Spriren menpeko izatetik, zuzenean Industria departamentuaren bitarteko propio izatera igaroko da lurzoru industrialak kudeatzen dituen entitatea

Orain Azpilur denak kudeatutako 2025eko lursail gakoetako bat izan da Eskuzaitzetakoa (Donostian) | Argazkia: utzitakoa
Orain Azpilur denak kudeatutako 2025eko lursail gakoetako bat izan da Eskuzaitzetakoa (Donostian) | Argazkia: utzitakoa
2026eko martxoaren 10a - 14:37

Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak oniritzia eman die Azpilur Euskadi S.A.M.P. erakundearen behin betiko estatutuei. Gauzak hala, Sprilur zena Azpilur Euskadi bilakatu da, 2025ean hasitako prozesuari amaiera ipinita. Horixe izango da, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoru industrialaren kudeaketaz arduratu den entitatearen izen berria. 

 

Aldaketa ez da soilik izenean antzemango. Erakundea SPRIren pean izatetik, zuzenean Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikitako erakundea izatera igaroko da, bitarteko propio eta zerbitzu tekniko gisa. Bitarteko propio gisa, gaitasuna izango du azpiegitura publikoak garatzeko enkarguak jasotzeko Eusko Jaurlaritzatik zeinbestelako erakundeetatik. Hala, estandarizatu egin nahi dituzte eraikuntza lanetarako lizitazio, esleipen eta jarraipen prozedurak, horiek eraginkorrago egin asmoz.

Orain arte Sprilur izandakoak 2025ean 88 milioi eurotik gorako aurrekontua izan zuen, eta 48 lizitazio kudeatu zituen, inoizko jarduerarik onenarekin. Guztizko horretatik 26 iaz bertan abiatu ziren, 16 zerbitzuetan eta 10 obretan, eta 22 lehendik eginiko esleipenei zegozkien. Orotara 58 enpresa gune kudeatu zituen, zeinetan 742 enpresa dauden kokatuta.