EAEko ekintzailetza ekosistemaren bizitasuna azken bi egunotan egin diren Arabako Demo Day Impulsa Startup 2026en eta Bizkaiko Investment Forumen ikus daitezke.
Lehenari dagokionez, 14 proiektu teknologikok beren proposamenak aurkeztu zituzten. Arabako merkataritza ganberak sustatua eta FSE+ Europako funtsak finantzatua, hiru sari banatu zituzten. Crea y crece —sortu eta hazi— kategorian, zeinetan start-upa sortzeko eta gutxieneko produktu bat garatzeko metodologia landu duten enpresak saritzen diren, Locksys proiektuak jaso zuen aitortza. Ricardo Yepes, Alejandro Hernández eta Jorge del Olmok sortua, logistika industrialeko soluzioak eskaintzen ditu IoT eta OCR teknologien bitartez. Helburu dute, beraz, prozesu logistikoak bizkortzea eta automatizatzea, besteak beste.
Despega —aireratu— kategorian, zeinak prototipoa dagoeneko probatuta duten start-upak aitortzen dituen, Potencia STSrentzat izan zen lehen saria, 4.800 eurokoa. Iñigo Morenok martxan jarritako proiektuak mendi bizikletek maniobrak egin eta segurtasun handiagoa izan dezaten proposamena garatu du. Bigarren saria, 1.600 eurokoa, Vyne Talentek jaso zuen, Ivan Lorenzok bultzatu duena. Euren produktua talentu kualifikatua topatzeko tresna digitala da.
Proiektuak aurkeztu ez ezik, ponentzia inspiratzaileak ere izan ziren jardunaldian, Víctor Mayoral robotika, zibersegurtasuna eta adimen artifizialean adituaren eta Adrián de Celisen Loraontecheko sortzailearen eskutik. Azken horrek iaz jaso zuen Despega saria.
Inbertitzaile bila Bizkaian
Bizkaian, aldiz, zenbait inbertsiogileri euren produktu eta zerbitzuak aurkezteko aukera izan dute hainbat start-upek BAT dorrean egindako Bizkaia Investment Forumen seigarren edizioan. BEAZek antolatua, 78 inbertitzaile, 48 inbertsio-funts, sozietate eta inbertsio korporatiboko talderen ordezkariak izan dira bertan, horien artean Mondragon Ventures, Easo Ventures, Inveready, Clave Capital eta Talde. Era berean, banaka inbertitzen duten 19 business angelsek ere parte hartu dute.
Investment Forumen proiektuak aurkeztu dituzten start-upak hauexek izan dira: Binary Soul, industria-plantillen gaitasunak ekoizpen-beharrekin lotzen dituen TRAMA erreminta aurkeztu duena; Dive Longevity, produktu nutrizentrikoak garatu dituena bizitzako hainbat etapatarako; Kimulabs, iragarleak eta eduki sortzaileak lotzen dituen Creonda tresnaren berri eman duena; Lasercoat, laser bidezko beiraztatze prozesuak egiten dituena; PhotoKrete, eraikuntza materialak garatzen dituena modu pasiboan hozten diren zementua erabilita; Ventijet, ZIUetan erabiltzeko gailu medikoak, datuen analisia eta softwarea uztartzen dituen tresna aurkeztu duena; Sporalys, kafe sektoreari industria-bioteknologia aplikatzen dion soluzioa garatu duena; eta Witlaboratories, industria garbiketarako soluzioak egiten dituena bionanoteknologiaren eta adimen artifizialaren bitartez.
Start-upekin eta inbertsiogileekin batera, bertan izan dira Ekintzailetza, Talentua eta Enpresa Lehiakortasunerako zuzendari nagusia den Joseba Mariezkurrena, eta Olatz Goitia Enpresa Lehiakortasuna Bultzatzeko foru-erakundeko zuzendaria.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta