• ENPRESAK GAUR
  • 'Start-up'-en hazkundea bizkortzeko funtsa eratu du Jaurlaritzak

'Start-up'-en hazkundea bizkortzeko funtsa eratu du Jaurlaritzak

Hazten Scale-Up izeneko arrisku kapitaleko funtsa 50 milioi eurorekin jarri dute martxan

Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Argazkia: Eusko Jaurlaritza
2026ko apirilaren 22a - 14:55

Hazten Scale-Up izeneko arrisku kapitaleko funtsa sortu du Eusko Jaurlaritzak, start-upen hazkundea bizkortzeko asmoz. Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik adierazi duenez, “industria-eraldaketaren garai honetan, Eusko Jaurlaritzak euskal start-upen hazkundea bultzatzeko apustua egin du. Inoiz baino beharrezkoagoa da industria-ehun berria sortzeko".

 

50 milioi eurorekin abiatuko da funtsa, Jaurlaritzaren Industria eta Ogasun sailek bultzatuta, eta Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa sozietateak kudeatuko du.

Jauregiren hitzetan, funts honen bitartez, inbertsioa dinamizatuko da kapital pribatuarekin batera, eta lankidetza publiko-pribatua sustatu. “Ezagutza aurreratuko start-upak bizkorrago hazi daitezen egiten dugu hori. Funts publiko-pribatu propioak erabiltzeak gure proiektuak sustraitzen ere lagunduko du”, gehitu du.

 

Jaurlaritzak EAEko industria-ehun berria sortzeko bultzatu nahi du start-upen hazkundea, eta funts horren inbertsioak Euskadi 2030 Industria Planean zehaztutako zenbait sektoreetara bideratuko dira: sektore aeroespazialera, biosanitariora, soluzio aurreratuetara, sare adimendunetara, biltegiratzera eta erregai berriztagarrietara.

Sektore horietako enpresa askok beren negozio-ereduaren bideragarritasuna frogatu eta hasierako etapa gainditu ondoren, kapitala behar izaten dute hazi ahal izateko; scale up fasea deitzen zaio horri. Bada, Jaurlaritzak eratutako funts berriak fase horretan inbertituko du, kapital pribatuarekin batera.