Stellum Capital taldeak, Stellum Growth funtsaren bidez, Laboratorios Bilper enpresaren partaidetza zati bat erosi du. Zamudioko (Bizkaia) konpainiaren nazioarteko hazkundea bultzatu nahi da eragiketa honen bidez, zeinak higiene, kosmetika eta biozida produktuak ekoizten dituen maskotzentzat.
1958an sortua, 50 bat langile ditu enpresa bizkaitarrak, eta Menforsan, Megusta eta Bacterisan markapean saltzen ditu produktuak 60 herrialde baino gehiagotan. Stellum Growthren kapitalarekin merkatu berrietan sartu eta bost urtera negozio bolumena bikoiztu nahi du. Partaidetzaren gehiengoa eskuratu du kapital funtsak.
Oscar Mesanza Bilperreko zuzendariak adierazi du Stellum Capitalen sarrerak konpainiaren industria proiektua indartuko duela. “Elkarrizketak hasi zirenetik, Stellumen taldearekiko afinitate eta konfiantza faktore erabakigarria izan da bazkide estrategiko gisa haien aldeko apustua egiteko orduan”, nabarmendu du.
"Bilperrek posizionamendu indartsua du hazkunde bidean den sektore batean, maskoten humanizazioari eta etxeko gastuaren hazkundeari esker”, argitu du Pablo Baroja Stellum Growtheko bazkide zuzendariak. Bere hitzetan, “erantzuteko zaila den industria-gaitasun malgua” du Zamudioko konpainiak.