• ENPRESAK GAUR
  • Sunsundeguik 450 lanpostu sortuko dituen akordio historikoa sinatu du Volvorekin

Sunsundeguik 450 lanpostu sortuko dituen akordio historikoa sinatu du Volvorekin

Altsasuko enpresak Volvoren azken belaunaldiko ehunka autobus fabrikatuko ditu 2024tik aurrera

Sunsundeguiren autobusetako bat | Argazkia: Sunsundegui
Sunsundeguiren autobusetako bat | Argazkia: Sunsundegui
2023eko maiatzaren 4a
Eg. 2023eko maiatzaren 4a

Sunsundeguik akordio historiko bat sinatu berri du Volvorekin. Bi aldeek sinatutako asmoen adierazpenaren arabera, enpresa suediarraren azken belaunaldiko eta goi mailako autobusen karrozeriaz arduratuko da Sunsundegui. 2024ean hasiko lirateke fabrikatzen eta 2025ean iritsiko lirateke merkatura eta errepideetara.

 

Akordio horrek Sunsundeguiren etorkizuna eta jarduera bermatuko ditu, eta datozen lau urteetan 450 berri sortuko ditu. Hala, Altsasuko lantegian urte honen amaierarako aurreikusitako 281 langileetatik, 2027an 700ndik gora izatera igaroko lirateke.

Era berean, lantegiak bere egungo ekoizpen ahalmena bikoiztu ahal izango du, 2025eko lehen hiruhilekorako bi autobus egingo baititu egunean, hau da, urtean 420 autobus gehiago. Ondorioz, Volvoren eta beste bezero batzuen artean, Sunsundeguik 800 auto egingo lituzke urtean.

Aurreikuspenen arabera, akordio honek 16 milioi euro inguruko inbertsioak ekarriko dizkio Sunsundeguiri.

 

Beste astebeteko lana

Erronkari arrakastaz aurre egiteko, enpresak akordio bat lortu beharko du bere langileekin lanegunen kopurua 212 egunetik 219ra igotzeko. Lanaldi erreala egunean 7,75 ordukoa izango litzateke.

Era berean, "langileen berregituraketa" landuko litzateke, neurrigabeko absentismo kasuak ezabatzeko; une honetan, % 17ko tasa dago zuzeneko eskulanaren artean. Helburua %10era jaistea da.

Akordio berriarekin, 2023an 50 milioi fakturatzetik 2028an 151 milioitik gora fakturatzera igaroko litzateke Sunsundegui, emaitza garbia hamar aldiz biderkatuz. Marjina gordina, nolanahi ere, %7,3an mantenduko litzateke, eta horrek enpresaren zuzendaritzak planteatzen dituen lanaldi-doikuntzak azalduko lituzke.