85 urterekin zendu da Jose Ignacio Lopez de Arriortua enpresa-gizona eta ingeniaria. Superlopez ezizenez ezaguna zen, AEB eta Alemanian kokatuta zeuden enpresen saneamenduan egin zuen lanagatik.
1941ean Zornotzan jaioa, Westinghousen lanean aritu ostean, General Motorsera egin zuen salto 1980an. Hortxe hasi zen bere gorako bidearen kontsolidazioa. 1993an Volkswagenek presidenteorde lanetarako fitxatu zuen, baita salmenta eta ekoizpen hobekuntzarako arduradun gisa ere.
Batzuk miretsi egiten zuten, bere metodoen bitartez arestian aipatutako enpresa handien eraldaketa arrakastatsuak lortu baitzituen, besteak beste hornitzaileekiko harremanean eta plataformen estandarizazioan. Egiteko modu horiek zalantzan jartzen zituztenak ere baziren, efizientzia eta kostuen kontrola obsesio baitzituen.
Aitzitik, arrakastari polemikak itzala egin zion Superlopez Volkswagenen lanean hasi eta gutxira, General Motors eta Europako filial Openeko arduradunek leporatu baitzioten dokumentu konfidentzialak "lapurtu" izana, prozesu produktiboekin, hornitzaileekin eta proiektu estrategikoekin zerikusia zutenak. Horrek bi erraldoien arteko liskar judizialak eta enpresarialak ekarri zituen. Azkenean, 1996. urtean Lopez de Arriortuak Volskwageneko kargua utzi eta Euskal Herrira bueltatu zen. Bi aldeak judizioz kanpoko akordio batera iritsi baziren ere, AEBko multinazionalak bi urte gehiago behar izan zituen kargu guztiak erretiratzeko.
Jaioterrira itzulita, bertan auto-fabrika zabaltzeko ametsari ekin zion. Proiektu ezagunenari Aurora izena jarri zion, Carmen prototipoa protagonista zuena. Aitzitik, ezin izan zuen amestutakoarekin aurrera egin, 1998ko urtarrilean Bilbotik Madrilera autoz zihoala, kamio batekin talka egin zuen, eta traumatisko kraneoentzefalikoa izan zuen, barne-hemorragia eragin ziona. Hainbat hilabete egin behar izan zituen hospitalean, eta sekuelek erretiratzera derrigortu zuten.