Talde arrisku kapitaleko enpresak 50 urte bete ditu. 1976an Bilbon sortu zen, Hego Euskal Herriko lehen inbertsio funts pribatua izan zen, eta ordutik 170 enpresatan parte hartu du, 350 inbertsore baino gehiagorekin. Gaur egun, 630 milioi euro kudeatzen ditu, baina hazten jarraitzeko asmoa du: 2029rako 1.000 milioi eurora iristea eta bost urteko epean 2.000 milioi euro kudeatzea jarri ditu helburu.
Horretarako, hiru ildo nagusi landuko ditu: inbertitzaileen zorroa handitzea, funts berriak sortzea eta jarduera sektore gehiagotara zabaltzea, besteak beste, azpiegituretara eta higiezinen merkatura. Konpainiak gaur ospatu du urteurrena Bilboko Guggenheim museoan egindako ekitaldian. Bertan izan dira, besteak beste, Imanol Pradales lehendakaria, Mikel Jauregi Industria sailburua, Anton Arriola Kutxabankeko presidentea eta Jose Antonio Jainaga Sidenor eta Talgoko presidentea.
Finantza zuzendari eta enpresaburu talde batek sortu zuen Talde, enpresa txiki eta ertainei hazten laguntzeko finantzaketa aukera berriak eskaintzeko asmoz. Bost hamarkadatan, ordea, Estatuko beste merkatu batzuetara ere zabaldu du jarduera, eta gaur egun negozioaren %66 osatzen dute merkatu horiek. Taldek EAEn du oraindik erabakigunea, eta bertan dago bere inbertsio zorroaren herena. Urteko fakturazioa 4.500 milioi eurotik gorakoa da. 2025eko otsailetik, Kutxabank da Talde Gestionen akziodun nagusia, kapitalaren %63arekin. Enpresako arduradunen arabera, bankuaren sarrerak kudeaketa gaitasuna indartu du eta inbertsio aukera berriak zabaltzeko bidea eman du.
Urteurreneko ekitaldian, Pradalesek finantza sektoreak euskal enpresen garapenean duen garrantzia nabarmendu du. Haren hitzetan, "finantzak palanka estrategikoa dira euskal ekonomia produktiboa defendatzeko, errotzeko eta hazteko". Lehendakariaren ustez, beharrezkoa da EAEko finantza baliabide guztiak aktibatzea, enpresen eraldaketa bultzatzeko, inbertsioak sustatzeko eta enpresak lurraldean errotuta mantentzeko. Era berean, aurrean dauden erronkei —trantsizio energetikoari, digitalizazioari eta aldaketa demografikoari, besteak beste— aurre egiteko lankidetza publiko-pribatua indartzearen alde egin du.
Pradalesek, azkenik, adierazi du finantza baliabideak mobilizatzeak industria jarduera handitzea, kalitatezko enplegua sortzea eta gizartearen ongizatea hobetzea ekarri behar duela. Ekitaldian, gainera, Jose Mari Zalbidegoitiari aitortza egin dio, erakundeko presidente izan baitzen 25 urtez.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta