
Etorkizuna pertsonen aldeko apustua eginez eraikitzen bada, Bizkaiko Foru Aldundiak horren alde egin nahi izan du mugimendu bikoitzarekin: batetik, 493.000 euroko laguntza deialdia egin du bigarren urtez, lurraldeko gazteak atzerrian espezializa daitezen edo sektore estrategikoetan prestatu daitezen; bestetik, diplomak eman dizkiete talentua garatzeko programetatik pasatu diren ehun ikasle baino gehiagori.
2025 Hobekuntza Profesionaleko Programa, master baten bidez bere prestakuntza zabaldu nahi duten 30 urtetik beherako gazte bizkaitarrei zuzenduta dago. Nazioartera begira, 8.000 eurorainoko dirulaguntzaz finantzatzen ditu atzerrian egindako ikasketak. Halaber, sektore estrategikoei —hala nola teknologia aurreratuei, jasangarritasunari edo adimen artifizialari— loturik EAEn egiten diren ikasketetarako 3.000 eurorainoko dirulaguntza eskaintzen du. Hori da aurtengo Enpresa Laguntza Planaren neurri nagusietako bat, 51 milioi euro baino gehiago bideratzen baititu berrikuntza, lehiakortasuna eta talentua indartzera.
Masterretan ongietorriak
Dirulaguntzen onuradun den masterretako bat INCAR masterra da, EHUn ematen dena. Programa horrek “Bizkaiko enpresen trantsizio tenkologiko eta digitalaren buru izateko gai diren profesionalak prestatzeko beharrari erantzuten dio”, aitortu du Arantzazu Burgos masterreko irakasle eta koordinatzaileak. Bilboko Ingeniaritza Eskolako Sistemen Ingeniaritza eta Automatika sailak bultzatua, masterra Euskadi Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza 2030 Planarekin lerrokatuta dago, eta Garapen Jasangarriko Helburuen parte da. Bere ikuspegi integralak ez du garapen teknikoaren alde bakarrik egiten; lan profesionalaren ikuspegi etiko, arduratsu eta eraldatzailearen aldeko apustua egin nahi du.
Aurrekontuak larriak izan arren, irakasleen konpromisoari esker, prestakuntza eskaintza zorrotza, eguneratua eta enpresa-ingurunetik hubril mantentzea lortu da. “Gehien pozten gaituena da masterrak ibilbide profesional sendo eta motibatzaileekiko tranpolin gisa jokatzen duela ikustea da”, adierazi du. Ikasle batzuek ikerketa ibilbidea hasi dute, beste batzuk Master Amaierako Lana egin zuten enpresetan kontratatu dituzte, eta beste baztuek atzerrian jarraitu dute prestakuntza.
Arantzazu Burgos (INCAR-EHU): “Bizkaiko enpresen trantsizio tenkologiko eta digitalaren buru izateko gai diren profesionalak prestatzeko beharrari erantzuten dio”
Esperientzia eraldatzailea izan da erakunde mailan ere. “Inguruarekiko lotura gakoa dela erakutsi digu”, dio. Sektoreari erantzutea, edukiak egokitzea, aliantzak sustatzea eta irakaskuntza-bikaintasunaren alde egitea dira orain norabidea markatzen duten ikaskuntzak. Etorkizunari begira, adimen artifizialean, energia berriztagarrietan eta sistema autonomoetan espezializatzeko ildo berriak aztertzen ari dira dagoeneko.
Apustu hori ez da unibertsitateen edo enpresen ardura soilik. “Herritarrek funtsezko zeregina dute aldaketaren bultzatzaile gisa”, azpimarratu du irakasleak. “Ezagutza garapenerako motor gisa baloratzea funtsezkoa da lurralde lehiakorragoa, jasangarriagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko”.
Arantzazu Burgos (INCAR Masterra): "Ezagutza garapenerako motor gisa baloratzea funtsezkoa da lurralde lehiakorragoa, jasangarriagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko”
Aldi berean, Bizkaiak bere harrobirik oparoena bildu du ekitaldi sinboliko batean: Talentia Skills eta Be Basque Ambassadors programetako parte-hartzaileei diplomak ematea. Hitzordua ekainaren 21ean izan zen, Bilboko Bizkaia Aretoan, eta unibertsitateak, enpresak, erakundeetako arduradunak eta, batez ere, esperientzia honen protagonistak 122 gazte, elkartu zituen.
Aurtengo edizioan, 489 gaztek parte hartu zuten Talentia Skills programan, eta horietatik 80k osatu zuten ibilbide osoa. Ekimen honek, lidergoa, komunikazioa edo adimen emozionala bezalako gaitasunak garatzeko aukera ematen die, ingurune profesional konplexuetan gero eta gehiago baloratzen diren trebetasunak. Be Basque Ambassadors programak, berriz, 17 herrialdetako nazioarteko 42 ikasle izan zituen, ikasturtean zehar euskal ekosisteman murgildu direnak, lurraldearen benetako enbaxadore bilakatuz.
489 gaztek parte hartu zuten Talentia Skills programan, eta horietatik 80k osatu zuten ibilbide osoa
Ikaskuntzaz gain, komunitatea sortzea dute helburu bi programek. Talentu sare interkonektatua bultzatzea, sustrai lokalak dituena, baina bokazio globala duena, eta unibertsitatearen eta enpresaren arteko zubi-lana egingo duena, prestakuntza akademikoaren eta mundu errealaren artekoa. Arlo akademikotik haratago doazen harremanak lantzeko gunea da, eta askotan, Bizkaiko ekosistemaren barruan proiektu profesional zehaztak sortzen dira.
Bi programak, Bizkaia Talentek bultzatuak, ikuspegi baten isla dira: kanpotik datorren talentua erakartzeaz gain, hemen, etxean prestatzen dena ere batzen dute. Kontua ez da soilik profil teknikoak osatzea, baizik eta lotura iraunkorrak sortzea gazteen eta tokiko enpresa-ehunaren artean.
Bizkaiak ez ditu ondo prestatutako gazteak bakarrik nahi, gazte konektatuak, motibatuak eta lurraldearen etorkizunarekin konprometituak nahi ditu. Izan ere, talentua eraldaketaren motorra izateko ezinbesteko elementuak dira.