• ENPRESAK GAUR
  • Talgo erosteko SEPIk 75 milioi euro jartzea adostu dute Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak

Talgo erosteko SEPIk 75 milioi euro jartzea adostu dute Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak

Gizarte Segurantzako zenbait eskumen ere negoziatu zituzten atzo Pradalesek eta Sanchezek. Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu kotizatzen ez diren pentsioen eta eskola aseguruen prestazioen kudeaketa

Argazkia: Irekia
Argazkia: Irekia
2025eko uztailaren 16a - 10:05

Imanol Pradales lehendakariak atzo iragarri zuenez, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak akordioa lortu dute, eta SEPIk Talgoren erosketan parte hartzeko 75 milioi euro jarriko ditu. Pasa den astean jakin zen Sidenor buru duen euskal patzuergoak beste 75 milioi euro jarriko zituela, eta ikusteko zegoen ea Espainiako Gobernuak, SEPI erakundearen bidez, kopuru bera jarriko ote zuen.

 

Pradalesek berak eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bilera egin zuten atzo. Lehendakariaren esanetan, tren konpainiaren gainean adostutakoak ahalbidetuko du enpresaren "jarduera eta enplegua" EAEn mantentzea.

Maribel Vaquero EAJk Espainiako Diputatuen Kongresuan duen bozeramailea pozik agertu da gaur gozean Talgoren operazioa "askatu" delako. Onda Vasca irratian egindako elkarrizketan adierazi du akordioa “positiboa” dela, eta ezinbestekoa zela hura lortzea, “700 familia erabaki honen menpe daudelako”.

 

UGT Euskadiko Jose Manuel Lopez Conde ordezkariak ere albiste ontzat hartu du atzoko erabakia. Radio Euskadin egindako elkarrizketan nabarmendu du SEPIk 75 milioi euroko finantzazioa eskaintzeak erosketa erraztu eta Talgoren zorra birfinantzatzea bermatuko duela. Industria-ehuna mantentzeko hartzen den erabaki oro egokia dela uste du, baina, bere hitzetan, lehentasuna enplegua mantentzea izan beharko luke.

Gizarte Segurantzako zenbait eskumen Jaurlaritzara

Sanchez eta Pradalesen atzoko bileran Espainiako Gobernuak Jaurlaritzari transferituko dizkion Gizarte Segurantzaren eskumenak ere izan zituzten hizketagai. Bada, Gernikako estatutua onartu eta 46 urtera, Jaurlaritzak Gizarte Segurantzari lotutako lehen eskumenak kudeatuko ditu.

Pradalesen gobernuak bere gain hartuko ditu kotizatzen ez diren pentsioen eta eskola aseguruen prestazioen kudeaketa. EAEn 20.000 pertsona ingururi eragin diezaieke eta 100 milioi euro inguruko inbertsioa ekarriko du transferentziak. Familiei bideratutako prestazioak dira, seme-alabak izateagatik edo familia ugaria edo gurasobakar izateagatik ematen direnak. Jaurlaritzak onartu, izapidetu eta ordainduko ditu laguntza horiek, baina Espainiako Estatuak arautzeko gaitasuna izaten jarraituko du.

Dena den, Gizarte Segurantzari lotutako eskumenak lau bloketan negoziatzea adostu zuten bi gobernuek, eta atzoko bileran lehen blokearen gaineko akordioa lortu nahi zuen Jaurlaritzak. Langabeziari lotutako eskumenak, ordea, akordiotik kanpo utzi ditu oraingoz Sanchezek.