Talgok lehen trena emango dio Deutsche Bahni

Operadore alemaniarrak hogeita hiru konboiko eskaera egin zion Talgori 2019an

Argazkia: Talgo
Argazkia: Talgo
2025eko irailaren 15a - 12:47

Deutsche Bahn Alemaniako tren-konpainiak Talgok fabrikatutako lehen ICE L trenari onespen formala eman dio, Talgo 230 plataformaren flotaren entregaren hasiera markatzen duen ezinbesteko legezko urratsa. Akordio horren bidez, Talgok nazioarteko erreferente gisa duen posizioa indartu da kalitate handiko tren soluzioetan. “Europar Batasuneko lehen tren-operadorearen eta handienaren konfiantza izatea harro egoteko modukoa da Talgon lan egiten dugun guztiontzat”, nabarmendu dute konpainiakoek.

 

ICE L (InterCity Express – Low Floor) izenez ezagutzen diren tren berriek nasa mailako sarbidea dute luzera osoan eta irisgarritasunari buruzko Alemaniako araudia betetzen dute. Flotaren aurkezpen ofiziala urriaren 17an izango da, Berlinen. Horrez gain, BR 105 tren-makinen eta kabina-autoen ziurtatze lanetan ari da Talgo. Biak ere enpresak berak egiten ditu.

Datozen asteetan, beste hiru unitatek baliozkotze-prozesu bera pasatzea espero da. Tren horiek Deutsche Bahnek 2019an egindako lehen eskaeraren parte dira, eta guztira 23 konboi sartzen dira. Onarpena Europako eta Alemaniako tren agentzien homologazioa jaso eta hilabete eskasera iritsi da, Austrian, Herbehereetan eta Suitzan baimena lortzeko tramiteak jarraitzen duen bitartean.

 

Talgo 230 plataforma, distantzia luzeko zerbitzuetarako erabiltzen dena, Deutsche Bahnek ez ezik, Danimarkako DSB operadoreak ere aukeratu du (hamasei unitate eskatu ditu), baita Flix konpainiak ere (65 tren eskatu ditu). Espainia, Alemania, Saudi Arabia eta Estatu Batuetako merkatuetan presentzia izanik, Talgok nazioarteko trenbide-mugikortasunaren deskarbonizazioan duen papera indartu du horrela.