
Alemaniako Flix garraio konpainiak eta Talgok 2.400 milioi eurotan baloratuta kontratua sinatu dute. Akordio honen bidez, Talgok abiadura handiko 65 tren egingo ditu Flixentzat, eta 15 urtez trenen mantenu lanak ere burutuko ditu.
Kontratuan lehen eskari bat adostu dute, zeinetan Talgok 30 tren egingo dituen, 1.060 milioi euroren truke. Hainbat tren fabrikatzaile aurkeztu ziren prozesu batean izan da hautatua Talgo, eta azken hilabeteetan bi konpainiak proiektuaren xehetasunak zehazten aritu dira elkarlanean.
Ribabellosan (Araba) lantegia duen tren fabrikatzaileak Talgo 230 push-pull izeneko trenez hornituko du Flix, eta lokomotorarik gabe entregatuko dira, beste enpresa batek egingo baititu horiek.
Trenak Europan zehar mugitzeko diseinatuko dira. Zehaztu dutenez, Alemania, Austria, Herbehereak, Danimarka eta Suedian arituko dira.
Carlos Palacio Talgoko presidenteak zera adierazi du akordioari buruz: "Talgok garraioaren sektoreko enpresa erraldoi batekin lan egingo du. Talgo 230 Europa osoan trenbide-mugikortasuna hobetzeko irtenbiderik onena da, bereziki Intercity bidaiari-segmentuan, eta harro gaude gure konpainiak produktua ezartzen lagunduko duelako, errepideetatik eta aireko garraiotik trafikoak transferitzeko eta, horrela, trantsizio energetiko azkarra eta bidezkoa bultzatzeko helburu komunaren atzetik".
2025eko lehen hiruhilekoan: 154 milioi euroko diru-sarrerak
Talgok aurtengo lehen hiru hilabeteetan 154,3 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu, eta 13,5 milioi euroko Ebitda erdietsi du. Orotara 4.000 milioi euroko diru-zorroa du egun, eta 5.800 milioi inguruko balioa duten hainbat lizitazio ditu aurkeztuta.
Tren fabrikatzaileak urte gorabeheratsua izan du, Trilantic Capital funtsak enpresan duen %29,8ren salmenta prozesua dela eta. Gainera, Renfek 116 milioi euroko isuna ezarri zion, nahiz eta azkenean ordainketa atzeratzea adostu zuten.