Talgok Ribabellosako lantegian ekoitziko ditu Alemaniarako 56 tren berri

Deutsche Bahn tren operadore alemaniarrarekin sinatutako kontratuaren bigarren eskaera handia da Talgorena. Tren berriak pixkanaka hasiko dira zirkulazioan 2024ko udazkenetik aurrera

Argazkia: Talgo Argazkia: Talgo

Talgok Ribabellosan (Araba) duen lantegiak 230 modeloko 56 trenen bagoiak ekoitziko ditu, Deutsche Bahn (DB) Alemaniako tren operadorearekin sinatutako bigarren eskaera batekoak, 1.400 milioi euro inguruko balioarekin.

Eskaera berri hori, bi konpainiek 2019an 230 kilometro orduko abiaduran zirkulatzeko gai diren 100 tren egiteko sinatu zuten kontratuaren baitan dago, Talgok Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari asteazken honetan jakinarazi dionez.

Talgo 230 modeloko trenek, Deutsche Bahnen 'ICE L' izenekoek, lehen eskariari dagokion konfigurazio bera izango dute, eta jasangarritasunaren eta energia aurreztearen aldeko apustuari eutsiko diote. Hala, 56 ICE L tren unitate berrian bagoiak Talgok Ribabellosan (Araba) duen lantegian egingo dira. Unitateak pixkanaka jarriko dira martxan 2024ko udazkenetik aurrera.

Talgok oso-osorik garatutako tren-makina "multisistema da eta, beraz, erabat elkarreragingarria". Horri esker, ICE L trenek "Alemania barruan ez ezik, nazioarteko zerbitzuetan ere bidaiatu ahal izango dute, Berlin Amsterdamekin lotuz.
azkar eta mugan gelditu gabe", azaldu du Talgok. Gainera, konposizioa bateragarria izango da beste fabrikatzaile batzuen lokomotorrekin, adibidez, elektrifikatu gabeko lineetan jarduteko. Talgok azaldu duenez, proiektua finantzaketa egitura adosten denean hasiko da gauzatzen.

Michael Peterson Distantzia Luzeko Bidaiarien Garraiorako Deutsche Bahneko Administrazio Kontseiluko kideak adierazi duenez, datozen urteetan DBk "berrikuntza sakona" izango du, eta horrek trenbide-sareari eta trenei eragingo die.

Bestalde, Carlos Palacio Oriol Talgoren presidenteak esan duenez, "Deutsche Bahnen eskaera berria konpainiaren historiako handiena da" eta "Europako operadoreak Talgok Alemaniako merkatura eramango dituen berrikuntzetan duen konfiantza" erakusten du. "Kontratu berri hau albiste bikaina da", gaineratu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK