Talio: pertsonak eraldaketa digitalaren erdigune

IT aholkularitza zerbitzuen alorrean 20 urte baino gehiagoko esperientzia zuten zenbait kidek eratu zuten 2017an Bilboko konpainia, enpresei eraldaketa digital zerbitzu integralak eskaintzeko xedearekin

Jabi Salcedo NER Groupeko presidentea eta Ismael Medina Talioko zuzendaria | Argazkia: CGBarrios Jabi Salcedo NER Groupeko presidentea eta Ismael Medina Talioko zuzendaria | Argazkia: CGBarrios

Lewis Carrollen 1871ko Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena liburuaren pasarte batean, Erregina Gorriarekin batera korri egiten du protagonistak, ustez abiadura bizian, biak toki berean geldi jarraitzen dutelarik. “Entzun adi”, dio Erreginak, “herrialde honetan ahalik eta azkarren egin behar duzu korrika toki berean gelditzeko; nonbaitera heldu nahi baduzu, gutxienez bi aldiz azkarrago egin beharko duzu korrika!”. Lewis Carrollen ipuineko munduan gertatzen dena ez da gaur egun enpresek bizi duten egoeraren oso desberdina; merkatuak eta enpresa ekosistemek prozesuen digitalizazioaren aldeko hautua egin dute, eta erraza da inoiz baino azkarrago eraldatzen den testuinguru teknologiko honetan atzean gelditzea.

Teknologiaren lasterketa horretan, badira norbanako eta erakundeei egungo eskaeren abiadurara egokitzeko laguntza eskaintzen duten enpresak. Haien artean dago Talio. IT aholkularitza zerbitzuen alorrean 20 urte baino gehiagoko esperientzia zuten zenbait kidek eratu zuten 2017an, enpresei eraldaketa digital zerbitzu integralak eskaintzeko xedearekin. Lau ekintza-arlo jorratzen ditu enpresak: IT zerbitzuen alderdi fisikoa, azpiegiturak alegia, cloud eta zibersegurtasun zerbitzuak ere barne hartzen dituena; software garapena, zeinak bezero bakoitzaren beharrak aseko dituen tresna informatikoak doitzen dituen, batik bat; ingeniaritzaz arduratzen den lan-taldea ere badu, ingeniaritza mekanikoaz arduratzen dena; eta, azkenik, formazioa.

Eraldaketa digitalaren giltzarria da azken puntu hori prozesuen automatizazio eta erreminta digitalen inplementazioan, langileek berauek sakonean ezagutzea erabakigarria baita. Zerbitzu integral horiek eskaintzeko aukerak erakargarria egiten du Talio merkatuko beste IT aholkularitza enpresen artean, hala, entzute handiko Bizkaiko eta inguruko enpresa eta erakundeen eraldaketan parte hartu izan dute, EHU, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiak, Kutxabank, Fagor eta Lanbide, esateko.

Teknologiaren abiaduraren desabantailak

Gertuko erakundeekin lankidetzan aritzeak dakarren konfiantza "erabakigarria" da IT zerbitzuen alorrean. Ismael Medina Talioren CEOak dioenez, jende askori kosta egiten zaio aurrerakuntza horiei ongi-etorria ematea; gizakiak aldaketari dion beldur hori oztopo handia da sarritan norbanako eta erakundeei abantaila handiak ekarri ahal dizkion teknologiak ezartzeko garaian. Prozesuen automatizazioak lan-kargen arintze handia ekar dezake. Hala, langileek denbora gehiago dute bezeroari eskaintza indibidualizatuagoa eskaintzeko, enpresari balio erantsia eman eta etengabe modernizatzen ari den merkatu batean lehiakorra izateko.

Orokorrean enpresen joera prozesu teknologiko berri horiek inplementatzea bada ere, ez da erraza egungo aurrerabidearen abiadurara egokitzea. Medinaren hitzetan, azken hiruzpalau urteetan izandako iraultza teknologikoek erabat aldatu du enpresen ikuspegia. Iraganean urteak behar zituzten aldaketa zikloak ia astero datoz orain, eta oso erraza da atzean gelditzea.

Medina: "Erakundeek eraldaketa digitala sustatzeak enpresa txiki eta handien mesfidantza leuntzen lagun dezakete, EAEko industria-sarearen hazkuntza bultzatuz horrela"

Egoera horren aurrean, futsezkoa da enpresa bakoitzaren beharrei zuzendutako plan bat sortzea. Esparru batzuetako bezeroentzat nahitaezkoa izan daiteke puntako aurrerapen teknologikoak uztartzea. Beste batzuen kasuan, aldiz, egunerokotasuneko prozesuak erraztu eta haien jarduneko beste alderdi batzuk indartzeko aukera ekar dezake aldaketak. Trantsizio horri aurre egiteko, azken urteetan Eusko Jaurlaritzak IKANOS programa jarri du abian, zeinak EAEko enpresa eta erakundeen gaitasun digitalak aztertu eta bultzatzea duen xede. IKANOS eta Europako Next Generation EU programen laguntzak eskatzen dituzten enpresekin lankidetzan aritzen da Talio, Medinaren ustetan bereziki garrantzitsua den prozesua: erakundeek eraldaketa digitala sustatzeak enpresa txiki eta handien mesfidantza leuntzen lagun dezakete, EAEko industria-sarearen hazkuntza bultzatuz horrela.

Harreman Estilo Berria

Lau ekintza-arloez eta puntako prozesuen garapenaz harago, Talio berezi egiten duena da larlo hauetako bakoitzaren eta, orokorrean, enpresaren beraren antolakuntza. NER Groupekin bat egin zuen Taliok apirilean. Harreman Estilo Berria deritzon antolatzeko eta harremantzeko modu propio bat aurkezten duen erakundea da NER, enpresa eta lan-taldeen autogestioa, gizartearekiko konpromisoa eta xede horretarako partaidetza aktiboa sustatzen dituena. Talioko langileek haien beharren araberako lan-talde autogestionatuak eratzen dituzte, haien arteko elkarlanaren bidez "eguneroko jarduna aberastu" eta "erronkei malgutasunez aurre egitea" ahalbidetzen dutenak. Corporate Rebels-en eredua jarraitzen du NER estiloak, "lan inguruan harreman horizontalak sortzearen, eta elkarlanerako eta 'zu-zeu' izateko espazio bat sortzearen aldeko" hautua eginez. Medinak argi ikusten ditu egunerokoan lan-ingurune honen abantailak, langileek haien jarduna “betetasunez” egiteko ahalmenak, giro hierarkiko baten zurruntasunarekin alderatuta lankidetza sanoago bat sortzen baitu.

Talioko langileek haien beharren araberako lan-talde autogestionatuak eratzen dituzte, haien arteko elkarlanaren bidez eguneroko jarduna aberastu eta erronkei malgutasunez aurre egitea ahalbidetzen dutenak

Hala, Medinak nabarmendu du "betetasunaren eta lan-eremu aberasgarri bat sortzearen aldeko filosofiak beste IT aholkularitza enpresengandik bereizten" duela Talio, bereziki langile gazteen lan-mundurako inkorporazioan. Izan ere, elkarlanak eta etengabeko formazioak dakartzan lan-ingurune oso aberasgarria sortzen du profesional berriek haien ibilbidea egin dezaten; harreman horizontalek eta enpresak eskaintzen duen malgutasunak enpresa egitura tradizionalagoekiko haustura dakar, non, CEOaren hitzetan, profesional gazteek zailtasunak izan ahal ditzaketen haien proposamenak, proiektuak, galderak eta iritziak plazaratzeko garaian. "Norbanakoen ongizatea erdigunean jartzen duen harreman modua" da Taliorena, ez soilik bezeroekiko eta lankideekiko, baita orokorrean gizartearekiko ere; askatasuna, elkarlana eta konpromisoan oinarritutako filosofia jarraiki, gizarte garapena xede duten gertuko (GIZAKIA, FIDIAS eta ARGIA fundazioak, Pandemonium, Enkarterri Kirol Elkartea) eta mundu mailako zenbait ekimen bultzatzen dituzte lorpenen %5arekin.

Laburbilduz, "pertsonak eta gizartea erdigunean jarrita" egiten du teknologia eta digitalizazioaren aldeko apustua Taliok, "gertutasunetik, konfiantzatik eta konpromisotik", norbanako eta enpresa bakoitzaren beharrei egokitutako zerbitzuak eskainita, abiadura bizian eraldatzen den mundu honetan oinak lurrean tinko izan ditzaten.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK