Abadiñon (Bizkaia) dagoen industria tailer xume batek, 1970eko hamarkadan Durangoko lau gazteren ekimenez sortu zenetik etengabeko bilakaera izan du. Galdategientzako eredu, molde eta tresnak egiteko eskualdean zegoen merkatu hutsune batetik abiatuta, kalitate handiko fabrikazio gune bihurtu zen Talleres Asca. Lau bazkide sortzaile haiek urte luzez aritu ziren lanean, baina 2014an bezero handi baten porrotak egoera zailera eraman zuen tailerra. Gudiker Alberdik, tailerreko gaur egungo gerenteak, une hura gogoratzen du: “Ia milioi erdi euro ordaindu gabe geratu ziren eta horrelako tailertxo batentzat izugarrizko galera izan zen”.
Egoera horrek, beste bi bazkiderekin batera enpresa erostera bultzatu zuen Alberdi eta bide berri bat zabaltzera: “Tailerra egungo egoerara moldatzen” hasi ziren, makineria berritzen eta kudeaketa sistemak eguneratzen. Ordutik, Ascak jauzi kualitatiboa eman du, belaunaldi aldaketa arrakastatsuaren adibide bilakatuta.
Euskara: lan tresna, nortasun adierazle eta harreman komertzialerako balioa
Euskarak presentzia garrantzitsua du Ascaren eguneroko jardunean, eta azken urteotan euskara sustatzeko urrats antolatuak egiten hasi dira. Alberdik dioenez, "hemen beti euskara erabili dugu, baina orain forma ematen saiatu gara”.
Horretarako batu dira Landue egitasmora, Durangaldeko enpresen hizkuntza normalizazioan laguntzen duen programa, eta horri esker hainbat ekimen abiatu dituzte: kartelak euskaraz jartzea, posta elektronikoko sinaduretan Nirekin euskaraz hitz egin dezakezu mezua txertatzea, edo bezeroarekin lehen hartu emanean beti euskaraz mintzatzea.
Gudiker Alberdi: “Askotan enpresa munduan gaztelaniara jotzen dugu badaezpada, baina, zergatik ez lehenengo hitza euskaraz egin?”
Gudikerren ustez, horrek harremanetan eragin positiboa du: “Askotan enpresa munduan gaztelaniara jotzen dugu badaezpada, baina, zergatik ez lehenengo hitza euskaraz egin?”. Gerenteak azpimarratu du hautu hori “komertzialki onuragarria” dela.
Tailerrean badaude euskaraz ez dakiten langileak, baina ohitura txikiak hartzen ari dira: “Lehenengo hitza euskaraz egiten saiatzen gara, 'egun on' adibidez, denek dakite”, argitu du Gudikerrek. Helburua ez da perfektutasuna, erabilera naturala baizik.
Harrobi ziurtagiria: lehen mailako konpromisoa eta hurrengo pausurako atea
Euskara sustatzeko bidean, Ascak Harrobi ziurtagiria lortu du aurten. Alberdiren hitzetan, ziurtagiriarekin “euskara bultzatzeko ekintzak egingo ditugu” eta aitorpenak barne antolaketa zein komunikazioan pauso praktikoak ematen lagunduko die. Ziurtagiria bera ere erakusleiho bihurtu dute: “Orain sinaduratan jarriko dugu, eta horrek aukera ematen die bezero zein hornitzaileei ikusteko benetan Ascarekin euskaraz egin dezaketela”.
Harrobi ziurtagiria, hala ere, ez da helmuga: “Prozesu baten hasiera izan da, gero Bikain ziurtagiria lortzeko”, dio Alberdik. Hurrengo mailara igotzeko baldintzak gogorragoak badira ere, enpresaren asmoa bide horretan sakontzen jarraitzea da.
Etorkizuneko erronka: euskararen presentzia sendoa eta erabilera naturala
Etorkizunari begira, Abadiñoko konpainiak argi du euskararen presentzia zabaldu eta sendotu nahi duela, bai barne dinamikan, bai kanpoko harremanetan. Horretarako, Landue egitasmoko teknikarien laguntzarekin lanean ari dira hizkuntza kudeaketaren egoera aztertzeko. Alberdik azaldu duenez, “gure tailerraren diagnostiko bat egiten ari dira egoera zein den ikusteko eta euskara bultzatzeko proiektu bat egiteko”.
Enpresak ez du epe laburreko plan azkar edo bortitzen aldeko apusturik egin nahi; euren ustez, eredurik eraginkorrena ohiturak pixkanaka eta modu naturalean txertatzea da. Hori dela eta, euskararen erabilera ez dute soilik kanpora begirako irudi korporatibo gisa ulertzen, baizik eta lanerako ohitura osasuntsu eta egunerokoaren parte izatea nahi dute.
Enpresak ez du epe laburreko plan azkar edo bortitzen aldeko apusturik egin nahi; euren ustez, eredurik eraginkorrena ohiturak pixkanaka eta modu naturalean txertatzea da
Ascaren etorkizuneko erronka nagusia ez da soilik ziurtagiri gehiago lortzea, baizik eta euskararen presentzia egonkor eta koherente bat eraikitzea. Helburua da langile orok euskararekiko hurbiltasun handiagoa sentitzea, eta bezero zein hornitzaileek argi ikustea enpresak hizkuntza propioa balio erantsitzat duela. Etorkizunean, euskara izango da tailerraren identitatearen parte tekniko eta kulturala, eta Ascak hizkuntza hori bere bilakaeraren bidelagun izatea nahi du, erakutsiz industria sektorean ere posible dela euskara modu praktiko eta eraginkorrean txertatzea.