
Mitxelena Mekanizatuak 1957. urtean sortu zen, baina 25 urte bete berri ditu kooperatiba gisa. Mekanizazio sektoreko artisautzan dihardu, eta Hernanin du egoitza. Komunitate bat dira, eta balio erantsia bi alderdik ematen die: pieza bakar eta handien fabrikazioan adituak izateak, eta jatorritik jasotako balio, identitate eta erabateko konpromiso sozialak.
2024ko udazkenean Indeusen parte izateko erabakia hartu zuten. Mitxelena osatzen duten guztientzat euskara sentimendu eta izateko era bat da. “Hori argi izanik, funtsezkoa ikusten dugu gure egunerokotasun industrialean transmititzea, eta hori egiten saiatzen gara une oro”, esan du Galder Gonzalezek, Mitxelenako koordinatzaileak. Ezaugarri hori Indeus plataformak "oso ondo" erakusten zuela sumatu zutenean bertan parte hartu behar zutela jakin zuten.
Gonzalezen arabera, Indeus mekanismo bikaina da Euskal Autonomia Erkidegoko euskal enpresek euskararen bidez industria lehiakortasuna areagotzeko, parte hartzen duten enpresen lankidetza bultzatuta. Mitxelenan guztiontzat euskara bizimodu bat da, eta, horregatik, egunerokotasunean presente dago, haiekin harremanetan dauden interes talde guztiei transmititu nahian. “Esandakoaren erakusgarri dira Bai Euskarari Saria 2018an jaso izana, edo Euskaraldian, Korrikan edo euskararen aldeko beste ekimenetan dugun parte hartze aktiboa”, gehitu du Gonzalezek. Beraz, euskarak Mitxelenako bai barne, bai kanpo kudeaketan presentzia erabatekoa du.
Aholkularitza zerbitzuak eta elkarlana
Bezeroaren eskaera pertsonalizatuaren araberako neurri handiko piezak mekanizatzen dituzte, beti ere bezeroaren beharrizanak kontuan hartuko dituen zuzeneko zerbitzu bat eskainita.
Mitxelenan jarduera demokratikoki zuzentzea ezinbestekotzat dute, eta balio edo pentsaera hori duten pertsonek osatzen dute lantaldea. Pertsonengan oinarritu, onura kolektiboa bilatu eta bere kide guztien onera bideratutako autolaguntzarako erakundea da. Ildo horretan pentsatuz eratu zuten Mitxelena S.Koop; hau da, bazkideen baldintza ekonomiko eta sozialak hobetzeko, ekonomia, gizarte eta kultura behar eta asmo komunei erantzuteko, eta jendeari ondasunak eta zerbitzuak eskuratzen laguntzeko.
Mitxelena langile kooperatiba bat ez ezik, azken hauen ingurukoen laguntzari esker osatzen den komunitatea ere bada
Helburu nagusiei dagokienez, lehenengoa, bezeroarekiko arreta pertsonalagoa ematea da, aholkularitza zerbitzu eta elkarlanaren bitartez. Bigarrena, pieza handien mekanizazio munduan haien bezeroentzako erreferente bat izatea. Hirugarrena, jasangarritasun printzipioetan oinarrituta, enpresaren jarduera produktiboa hobetzen jarraitzea, betiere ingurumenaren zaintza eta ongizate sozialarekin oreka mantenduta. Eta, azkenik, erantzunkizun sozialarekiko duten konpromisoarekin jarraitzea, ongizate komunari ekarpena eginda.
Inbertsio pertsonala eta laguntza ekonomikoak
“Inbertsioa, batez ere, pertsonala da. Guk kooperatibagandik dugun sentimenduak gure familiengan islatzen dugu, eta konpromiso horrek batzuetan beraiekin ezin egotea suposatzen du”, esan du Gonzalezek. Beraz, Mitxelena langile kooperatiba bat ez ezik, azken hauen ingurukoen laguntzari esker osatzen den komunitatea ere bada.
Laguntza ekonomikoari dagokionez, kooperatibaren jarduera aurrera eramateko inbertsioak ezinbestekoak dira, eta horietan gako dira noizbehinka jasotako dirulaguntza publikoak, hala nola, Hazitek (SPRI), Kalitatezko enplegua (Foru Aldundia) edota Industria Digitala (SPRI). “Hala ere, aipatu behar dut beharrezkoak baino gutxiago jasoten ditugula”, aldarrikatu du Gonzalezek.

Dirulaguntzez gain, autofinantzatzen saiatzen dira. Esan bezala, Mitxelenaren kudeaketa bere kideen bitartez eginiko kudeaketa autonomoa da, eta kudeaketa finantzarioari dagokionez, ahal den heinean ere irizpide berdina jarraitzen saiatzen dira.
Euskara funtsezko euskarri izaten jarraitzeko asmoa
Mekanizazioaren sektorea oso zabala da, eta eskaintza asko dago. “Egia da, Mitxelena pieza handiko eskarietan oinarritzen da, eta bere langileen kualifikazioa ezinhobeak ematen dion balio erantsiagatik posizionamendu estrategiko oso ona duela bere betiko bezero eta bezero potentzialen aurrean”, adierazi du Gonzalezek. Hala ere, ez da ahaztu behar mekanizazio tailer gutxi batzuk ixten ari direla, eta, horregatik, lehen aipatutako helburuekin aurrera egiteaz gain, garrantzitsua dela bai bezero, bai hornitzaile, bai beste mekanizazio enpresa txiki eta ertainekin elkarlanean jardutea; sektorea sendotu eta kanpora begira lehiakorrak izaten jarraitzeko asmoz.
Erronkarik garrantzitsuena euskarak proiektu kooperatiboaren barruan funtsezko euskarri izaten jarraitzea da. Gonzalezen arabera, horren froga izango da Eusko Jaurlaritzak erakunde pribatu gisa euskararen kudeaketan lehen urratsak ematen hasteko eskaintzen duen Harrobi diploma eskuratzea, gerora Eusko Jaurlaritzaren ziurtagiri ofiziala den Bikain delakoa jasotzeko asmoz.