147 milioi euro fakturatu zituen Tecnaliak iaz

4.600 soluzio teknologiko garatu zituen zentroak, 793 milioi euroko BPG sortuta EAEn

Berrindustrializazioren garrantzia azpimarratu du zentro teknologikoak | Argazkia: Tecnalia
Berrindustrializazioren garrantzia azpimarratu du zentro teknologikoak | Argazkia: Tecnalia
2025eko maiatzaren 5a
Eg. 2025eko maiatzaren 5a

Tecnalia zentro teknologikoak prentsaurrekoa egin du gaur, batetik, 2024ko balantzea ezagutarazteko, eta, bestetik, 2025. urteko proiektuei buruzko informazioa eskaintzeko.

 

“Jarduera handiko” urtea izan da zentroarentzat 2024 urtea, 4.600 soluzio teknologiko baino gehiago garatu baititu, azken bi urteetan %10eko gorakada izanik. Orotariko gaiei buruzkoak izan dira soluzio teknologikoak: adimen artifiziala, hidrogenoa, konputazio kuantikoa, zibersegurtasuna, deskarbonizazioa, ekonomia zirkularra… Berrindustrializazioaren beharra azpimarratu dute Alex Bellaustegui Tecnaliako presidenteak eta Jesús Valero zuzendari nagusiak, “ziurgabetasun eta konplexutasun handiko egoeran dagoelako enpresa-sarea”.

2024. ekitaldia 147 milioi euroko fakturazioarekin itxi du zentroak, eta ikerketa-funtsetatik eskuratzen duen euro bakoitza 30,34z biderkatzea lortu du. Haren jarduerak 793 milioi euroko BPG sortu zuen EAEn.

 

Zentro teknologikoak 1.525 pertsonek osatutako lantaldea du egun, eta 208 langilek zentroaren partaidetza peko enpresetan lan egiten dute. Kopuru hori bikoiztu egin da 2024an. Gaineratu dute zentroari esker 11.376 lanpostu mantentzen direla batez beste, “zentroko lanpostu bakoitzeko Euskadiko beste 7,68 lanpostu mantentzen" direlako. 

Zentroak hidrogenoari lotutako proiektuak nabarmendu ditu, gaur egun 50 proiektutik gora baitira. Besteak beste, 2024an “laborategi aitzindaria” jarri du martxan, hidrogenoa sortu, biltegiratu, garraiatu, erabili eta segurtasuna bermatzeko teknologiak garatzeko. Digitalizazio industrialari dagokionez ere “hiru plataforma disruptibo” abiarazi dira, superkonputazio zentro bat, datu-laborategi bat eta hodei pribatu bat konbinatzen dituztenak. Bestalde, teleoperaziozko teknologiak eta konputazio kuantikoa ere landu ditu zentroak.

2025erako erronkak

Taldeak adierazi du 20 milioi euroko inbertsio-plana bideratuko duela ekipamendu zein azpiegitura berrietara, baita lehendik daudenetara ere. Plan estrategikoa ere martxan jarri du datozen hiru urteetarako, helburu izanik berrindustrializazioa sustatzea, talentu “bikaina” bultzatzea, industria-sarearen arazoei aurrea hartzea eta eragin ekonomiko zein soziala maximizatzea. Presidenteak gehitu du zentroarentzat “lehentasuna” dela BPGn, industria-sarean eta haren fakturazioan eragina areagotzea, baita enpleguan ere. Enpresekiko jardueran ere hazi nahi dutela gaineratu du.