
Tecnalia zentro teknologikoak eta Lasai Marine eguzki eta elektrizitate bidezko ontziak garatzen dituen enpresak lankidetza hitzarmen berria sinatu dute, aisialdiko ontzietan propultsio iraunkorraren teknologiak garatzeko helburuarekin. Bi aldeek adierazi dutenez, elkarlan horrek elektro-mugikortasunaren esparruan berrikuntzak ekarriko ditu, eguzki energia baliatzeko gaitasuna handituta eta itsasontziak arinduta, besteak beste.
Lankidetzaren baitan garatzen ari diren proiektuetako bat Se-Boat da, zero emisioko aisialdiko ontzien Europako merkatuan erreferente bilakatzea helburu duena. Egitasmo horretan ikerketaren ardatzak honakoak dira: propultsio elektrikoa, energia metatzea, jasangarritasuna eta ontzien egitura. Eusko Jaurlaritzaren Hazitek programak babestutako I+G proiektua da, eta Lasai Marine eta Tecnaliaz gain, parte hartzen dute Supsonik, Masermic, Birziplastic, Quimibber, Cidetec, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa eta Gaiker erakundeek.
Lasai Marineko zuzendari Gari Telleriak azpimarratu du Tecnaliarekin hitzartutako akordioak aurrera pauso nabarmena ekarriko duela: “Itsasontziek energia gehiago jasoko dute eguzki panelen bidez, eta, aldi berean, gutxiago kontsumituko dute dentsitate handiagoko bateriei eta material arinei esker”. Bestalde, Pablo Prieto Tecnaliako ordezkariak azpimarratu du elektrifikazioa “itsas sektorea deskarbonizatzeko bide gakoa” dela, eta teknologiaren bidez “nabigazio jasangarriagoa eta lehiakorragoa” lortu nahi dutela.